Asteburuan gozatzeko aukera

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 21a

Hurrengo asteburuan, martxoaren 26 eta 27an, herriko haur eta gaztetxoek ez dute aspertzeko aukerarik izango Amaraun klubak eta Gazte klubak antolatutako ekintzei esker.

Asteburu pasa

Amaraun klubeko umeek abentura berriak bizitzeko aukera izango dute hurrengoa asteburuan.
Larunbatean 11:00etan ludotekatik atera eta Adunako Uztartza aterpetxean asteburu pasa egingo dute klubeko haurrek.
Larunbatean, ekintza ugari eta udaberriko festa berezia antolatu dira guztiek primeran pasatzeko. Gainera, igandean, kirola egiteko aukera izango dute Euskal Krosa-Eneko Castro oroimenezkoan.
Antolatzaileek azaldu digutenez, “nahi duten haurrek parte hartuko dute krosean. Guk beroketa batzuk egingo ditugu eta korrika egiten ez dutenekin jolasak egingo ditugu”.
Honela, gurasoek Atsobakarreko parkean jasoko dituzte haurrak.
Irteerako prezioa 18 euro dira, Ttakuneko bazkideentzat izan ezik. Horiek 15 euro ordainduko dute.
Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko, bi modu daude, bata 943 371 448 telefono zenbakira deitu eta bestea, Ttakun kultur elkartera, Geltoki kalea 4 zenbakira hurbildu.
Asteburu pasa honetan apuntatzeko azken eguna, martxoaren 24a, osteguna da.

Mihiluze erraldoia

Gazteek ere larunbata arratsalde paregabeaz gozatzeko aukera dute. Gazteburuen saio berri honetan, mihiluze berezi batean parte hartzeko aukera izango dute.
Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Gazte klubera hurbiltzen diren gaztetxoek proba eta pista ugari gainditu beharko dituzte mihiluzeena nor den jakiteko.