Bertso eskolan, Andoni Egaña, maixu

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 21a

Ttakun elkarteko bertso eskolak Gipuzkoako Txapelketaren prestaketarekin segitzen du. Martxoaren 31 eta apirilaren 1ean eskola berezia jasoko dute herriko bertsolariek, kultur etxean, Andoni Egañaren ahotik. Gainera bi entrenamendu saio horiek nahi duenarentzat irekiak izango dira, hau da, txapelketako saioen nondik norakoak jakin edota ariketa ezberdinei nola erantzun ezagutzeko interesa edo jakin-mina duen edozein joan daiteke bi saio hauetara. Ondo bukatzeko, apirilaren 1ean Arrieskalletan bertso afaria izango da Andoni Egaña eta Xabier Amuritzarekin.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa maiatzean hasiko da, baina herriko bertsolariak buru belarri ari dira prestaketan. Irakasle entzutetsuak kontratatu ditu gainera aurten Bertso Eskolak herriko bertsolariak trebatzeko.
Batetik, ostegunetan Karlos Aizpuruarekin entrenatzen ari direnek oso esperientzia positiboa dela adierazi dute, asko ikasten ari direla eta sormeneko hainbat baliabide edota tresna ezagutu dituztela gero txapelketara puntu puntuan iristeko bakoitzak bere erara lantzen jarraitzeko. Apirilaren 7an amaituko dira Karlos Aizpuruarekin entrenamendu teoriko eta praktiko hauek.
Bestalde, saio hauen osagarri, beste bi entrenamendu berezi burutuko dituzte martxoaren 31 eta apirilaren 1ean arratsaldeko 18:00eta hasi eta 21:00ra bitartean. Txapelketetan hainbesteko esperientzia duen Andoni Egañak bere trebezia eta jakituria baliatuko du, Gipuzkoako Txapelketa prestatzen ari diren bertsolariei aholkuak eman eta txapelketako ariketei nola aurre egin erakusteko. Txapelketan ahalik eta emaitzarik onenak lortzeko une bakoitzean jokabide aproposa izateko eta erantzun egokia emateko aholkuak luzatuko dizkie.
Ttakuneko antolatzaileek argi dute ikastaroen helburua, “Karlos Aizpurua errendimendu altua bilatzeko ekarri dugu ikastaroa ematera, hau da, txapelketa datorrela eta bertsolarien torlojuari beste buelta bat emateko. Egaña ez da horretara etorriko, bere aldetik, bere esperientziatik erakutsiko du erakutsi beharrekoa”.
Dudarik gabe, Andoni Egañaren azalpen eta argibideak oso interesgarriak izango dira, eta Bertso Eskolak erakustaldi berezi hauek irekiak izatea erabaki du, hau da, aukera zabaldu eta nahi duen orok izango du kultur etxeko bertso eskolara joan eta txapelketako prestakuntzaren nondik norakoak ezagutzeko modua. Herriko bertso eskolakoak jarriko ditu lanean Egañak, baina nahi duena joan daiteke ikustera.

Afaria Arrieskalletan

Apirilaren 1ean izango da hain juxtu Arrieskalleta elkartean urtero antolatu ohi dute bertso afaria.
Bertso eskolaren ondoren elkartean afaldu eta kantatuko dute Andoni Egaña eta Xabier Amuritza txapeldun ohiek. Euskal Herriko lau txapel jantzi ditu zarauztarrak 1993 eta 2005 artean eta bi jantzi zituen Etxano-Zornotzan jaio zenak 1980 eta 1982an.
Afariko txartelak gaur bertan jarriko dira salgai Jalgi tabernan 20 eurotan.

Gustura Aizpuruarekin

Urtarrilean hasita lau hilabetetan ikastaro teoriko eta praktikoa eskaintzen ari da, Karlos Aizpurua, hainbat urtetan Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako eskoletako irakasle izandakoa eta lehen hiru hilabeteko prestaketa saioen ondoren oso ondo baloratu dute ikastaroan parte hartzen ari diren zortzi bertsolariek: Zigor Iriondo, Andoni Otamendi, Unai Muñoa eta Ane Labaka herritarrak, eta beste lau bertsolari gazte Beñat Iguaran, amasarrak, Asier Azpiroz zubietarrak, Unai Gaztelumendi añorgatarrak, eta Oier Iurramendi hernaniarrak.
Esaterako Andoni Otamendik ikastaroa oso esperientzia positiboa izan dela adierazi digu: “Urte pila bat aritu naiz bertsotan beti norabide berean, eta orain beste era batera landu ditugu lehen inkontzienteki egiten genituen gauzak. Ikastaroan, maila teorikoan eta praktikoan, beste era batera egin dugu bertsotan.
Unai Gaztelumendik ere oso ondo baloratu du ikastaroa. Bere iritziz, lehen ez zekien bertso baten arrakastaren zergatia, “ez nekien ze arraiorengatik gustatzen zitzaion jendeari. Orain, Karlosek azaldu digu zerk funtzionatzen duen, zerk ez”. Bere iritziz, gero jasotako hainbat baliabide eta informaziotik bakoitzak egin behar omen du bere aukeraketa, zer erabili eta zer ez ikusteko: “Nik behintzat nire filtroa jartzen diot. Azken finean, erremintak eman dizkigu eta gero horiekin lan egin behar da”.
Oso argi du Unai Gaztelumendik miraririk ez dagoela eta bertsolariak egin behar duela lan: “Guk ez badugu lantzen alperrik da, lana da balio duena”.
Otamendik herri kirolarien entrenatzeko moduarekin alderatu du: korrika, aizkoran edo arraunean egin eta egin egiten zuten apusturako prestatzeko. Karlosek hori erakutsi du, orain hamar kilometro, orain serieak, orain fondoa,... baina lana egin behar dela”.

Txapelketari begira

Txapelketa urruti xamar ikusten bada ere, ikastaroarekin bertsolariak txapelketari begira jarri dira: “bertsotan jarri gaitu Karlosek, txapelketako lan eta tentsioarekin,... Horrek ahalbidetu du jada txapelketara begiratzea” adierazi digu Otamendik.
Gogoz hartuko dute bertsolariek Andoni Egañaren mintzaldi-erakustaldia ere: Unai Gaztelumendiren ustez, oso desberdinak izango dira eta Egañarena ez da hain teorikoa izango.
Andoni Otamendik ere berdina uste du: “Egañak gauza politak egingo ditu, batez ere ikusleentzat. Karlosek, aldiz, lana egin nahi duenarentzat, bere bertsokera findu eta estutu bat eman nahi dionarentzat, aukera bat eskaini du, lana egin behar gero”.