Oinatzeko ohiko taldekideaz gain jende ugari hurbildu zen Lasarte-Oriaren mugak eta historia ezagutzeko prestatutako irteera honetan. 40 bat lagun inguru irten ziren martxoaren 13an Jalgitik herriko historian murgiltzeko asmoz “ez genekien zenbat jende etorriko zen, beste irteeretan izena eman behar da baina honetan ez” diote antolakuntzatik. Irteera proposamen hau erakargarria suertatu zen “gainera jendea gogoz etorri zen eta hori garrantzitsua da”. Oinatz taldekoek kontatzekoak prestatutak eraman bazituzten ere “jendea aportazioak egiteko asmoz hurbildu zen, partekatuak izan ziren datuak eta polita atera zen irteera”.
Eguraldiaren beldur
Iganderako euria emana bazegoen ere “portatu egin zen, mendiko terrenoa lehorra zegoen eta horrek asko lagundu zuen”.
Jalgin jarri zuten hitzordua goizean eta hortik komentura egin zuten. Bertan Lasarte-Oriaren sorrerari buruz solas egin zuten, aztarna zaharrenei buruz arituz.
Ondoren, Liberto Aizpuruaren atzeko aldeko parkera egin “eta hipodromoari buruzko azalpenak eman genituen, batez ere noiz eta zeren eraginez sortu zen”. Badirudi II. Mundu Gudak izan zuela gehien bat eragina, izan ere, 500 bat zaldi iritsi ziren Europatik hona eta etxe guztiak zaldiz bete ziren, beraz hipodromoa egin zuten. Honek guztiak “erreboluzioa ekarri zuen herrira, beste kulturatako jendea, hizkuntza, ohiturak, janariak...”
Brunet familiaren inperioa
Oriara egiteko ordua iritsi eta bertan auzo hau zeren eraginpean industrializatu zen aztertu zuten. “Nekazariak ziren hemengoak, baina Brunet familia iritsi zenean kapitalismoaren aro modernoan sartu ziren”. Familia garrantzitsua izan zen, Donostiako alkate, Diputatu Nagusi ere izan ziren hauetako batzuk.
Errepide sare berria egin zenean ere eragina izan zuten eta gainera, errepide berriaren ondoan eraiki zuten haien fabrika.
Fabrika paternalista izan zen “bertan zeuden etxeak, ekonomatoak, kantina nagusiarenak ziren, protestarako aukera gutxi utziz”.
Honetaz gain, herrian kotxe zirkuitua, golfa... kokatu ziren eta badirudi horren jatorria Donostian emandako Belle Epoque-n aurkitzen dela “guda garaian Europatik ihesi joandako dirudun asko Donostiara hurbildu ziren eta hauen aisialdirako ekintzak Lasarte-Orian antolatu ziren”.
Herriaren hazkundea
Herriko zoru laua utzi eta mendiruntz igotzeko ordua iritsi zitzaien. Azkorte alderuntz egin zuten, Buruntzak Andoainekin mugak non dituen eta herriko azken baserriak erakutsi ziren.
Goizerdira iritsita energiak berreskuratzeko parada egon zen, hamaiketakoa. Geldialdia aprobetxatuz datu demografikoak plazaratu ziren “asko hazi da herria, lehenengo datuek 22 baserri 200 pertsona bizi zirela aipatzen dute”. Herriaren hazkundean faktore ezberdinek eragin zuten “lehenengo gorakada Brunet familiaren bitartez eta bigarren hazkundean Michelinen sorrerarekin”.
Denbora falta
Atsedenaren ostean kanposantutik Zabaleta eta Teresategira igo ziren, herriaren beste perspektiba ikusteko “bidez josia dago herria, egungo Lasarte-Oria bide korapilotsu batez osatuta dago”. Bertatik martxan dauden obrak eta herriaren zabalkundea ikusi ahal izan zuten “bailara estua da gurea eta hormigoiez beteta dago”.
Honen ostean, eta denboraz larri zebiltzatela ikusirik Villa Mirentxu ingurura jaitsi ziren Plazaolako trenbidearen ibilbideaz gehiago jakiteko “baita herriarentzat zer suposatu zuen ikasteko”.
Hemen eman zitzaion amaiera Lasarte-Oria mugarriz mugarri ezagutzeko antolatutako irteerari “hurrengo urtean berriro antolatzen bada amaiera ederra emango diogu, bazkari batekin”.
Bitxikeriak
Kontatu beharrekoa prestatua eraman arren, irteeran parte hartutakoek ere euren aportazioak egin zituzten.
Hauetako batek “inork oroitzen ez zuen detaile polita eman zigun”. Badirudi Brunet palazioaren inguruan zegoen grutan, laku txiki bat zegoela txalupekin eta bertan festak ospatzen zirela. Kobazulo horren barruan ama birjinaren irudia kokatuta zegoen eta gainean orein baten brontzezko figura, Brunetarren logoa “eta gaur egun sorgin dantzako banderan ikusten dena”.
Datu interesgarri gehiago ikasi nahi badituzu ez galdu hurrengo urteko irteera.