Hauen ustez, "auzi-fartsa" besterik ez da eta Euskal Herriaren historia eta beraien borrokaren xehetasunak azaldu zizkioten epaileari lehen egunean.
Gainera, bi preso euskaldunen ustez, "Frantzia ere saiatu da gu euskaldun gisa desagerrarazten", beraz konflikto politikoaren parte da eta ez diete aitortzen epaitzeko legitimaziorik.
Epaiketaren lehen eguna
Epaiketako lehenengo eguna ostegunekoa izan zen eta Manu Ugartemendia eta Pello Eskisabel ez ziren bakarrik egon, herriko eta Errenteriako 25 bat lagun joan baitziren Parisera. Hauetako batzuk, gainera, presoekin egoteko aukera izan zuten.
Epaiketa hasi eta gutxira, Peio Eskisabelek Phillippe Vandingenen epaileari bi presoen izenean idatzi bat irakurtzeko baimena eskatu zion.
Honetan, Pello Eskisabel eta bere kide Manu Ugartemendiak Euskal Herriko historia azaltzen saiatu ziren.
Honela, 1522. urtean, Gaztelazko indar zapaltzaileek Nafarroako Erresuma suntsitu eta “momentu honetatik aurrera, Espainia eta Frantzia euskal lurraldeak bereganatu zituzten, eta bi aldeen erdian muga artifizial bat eraiki zuten. Eta indarrez saiatzen ari dira gu espainolak ala frantsesak bihurtzen," aipatu zuten.
Baina adierazi zutenez, "gu ez gara ez espainolak ezta frantsesak ere, guk nahi duguna zera da, euskaldun izan eta bizi euskal estatu batean, askatasunean, Nazio askeek osatutako Europa batean. Askatasuna maitatzean, gure herriak garatzen ari den askapen borrokan parte hartzea ezinbesteko eginbeharra dela uste dugu".
Horregatik, ETA nazio askapenerako euskal erakundeko militanteak zirela onartu zuten.
Frantzia ere errudun
Frantziar agintariek euskaldunekin izandako jarreraren errepaso luzea ere egin zuten bi euskaldunek, 1789. urteko Iraultzatik hasita.
"Estatu horrek orain dela mende asko gure lurraldearen zati bat inbaditu, Lapurdi, Nafarroa behea eta Zuberoa, eta armez eta odolez bereganatu zuen. Harrezkeroztik, indarrezko asimilazio eta kolonizazio prozesu bat garatzen ari da Euskal Herriaren identitatearen ezaugarriak gal daitezen eta hiru herrialde horiek "frantsesak" bihur daitezen,” adierazi zuten.
Garai horietan, frantsesa ez zen beste hizkuntza desagerrarazteko "komenientzia" eta gaur egun ere euskararekiko errespetu falta ere salatu zuten, "oraindik, Frantziak ez du sinatu nahi Hizkuntza Gutxituen Europear Karta, eta errefusatzen du euskara hizkuntza ofiziala izendatzea"
Gainera Garat anaiek 1792an Parisen eskatutakoa: “Euskal lurraldearen onarpenaren eskaera, hau da, hiru herrialdeak departamentu batean biltzea" gogoratu zuten. Frantziak orduan ez zuen eskaera hori onartu eta gaur egun euskal gizarteak Iparralderako eskatzen ari den instituzio berezia ere baztertzen duela salatu zuten.
1936tik aurrera gertatutako ere azpimarratu zuten, hau da, Frankoren hatzaparretatik alde egin zuten euskal herritarrak kontzentrazio guneetan atxilotu, animaliak bezala bizi eta urte batzuk beranduago, euskal herritar horiek frantsesen aldean, nazismoari bidea ixteko borroka egin zutela.
Baina, Estatu frantsesak 1970tik aurrera, espainiar estatuko gobernuarekin bat egin zuela ere salatu zuten eta horren ondorioz, “azken 40 urte hauetan euskal borrokalarien atxiloketak, espetxeratzeak, deportazioak, expulsioak, estradizioak... eguneroko ogia izan dira. Baina ez bakarrik hori, 1983tik 1986ra GAL talde paramilitarrak, espainiar gobernuaren burua zen Gonzalez jaunak polizia eta mertzenarioekin osatua, frantses polizien laguntza eta autoritate politikoen konplizitatea eduki zuen gerra zikina aurrera eramateko, Ipar Euskal Herrian 27 hildako eta zauritu asko eragin zituena".
Beste bi salaketa ere egin zituzten, batetik bahitu eta hilik agertu diren euskaldunena eta bestetik Espainian egiten diren torturekin bat egiten dutelako.
Bi euskal presoen ustez, "azken urte hauetan, frantses estatua bere estrategia errepresibo propioa lantzen ari da euskal identitatearen edozein ikurraren kontra, elkarte kultural edo sozialen kontra, gazteriaren kontra, ezker abertzalearen kontra" adibide gisa bide horretan 2010. urte bukaeran eman zuen pausu berria jarriaz, "espainiar jujeek Batasunaren ordezkaria den Aurore Martinen kontra luzatutako atxilotze agindua.
Beraz, Eskisabel eta Ugartemendiaren ustez "Liberté, Egalité, Fraternité horren izenean, Frantzia saiatu da gu, euskaldun gisa, desagerrarazten, frantsesak bihurtu gaitezen. Euskal Herriak badu memoria eta ez du hau dena inoiz ahaztuko!".
Ez legitimitaterik
Honengatik eta hitzaldian zehar nabarmendutako beste alor guztiengatik argi eta garbi dute "epaimahai berezi hau Euskal Herria, Frantzia eta Espainia aurrez aurre jartzen duen konflikto politikoaren parte bat dela. Beraz, auzi hau auzi politiko bat da eta zuek ez duzue inolako legitimaziorik gu juzkatzeko, ezta gure herriaren borroka askatasunaren alde, hau da, nazio gisa ezagutua izateren alde eta autodeterminazio eskubidearen alde”.
Eta “jakin ezazue ez dizuegula emango inolako zehaztapenik ETAko partaide gisa egindako lanari buruz. Euskal Preso Politikoak gara, Preso Politikoen Estatusa eta Euskal Herrira aberriratzea eskatzen dugu. Baina, jakin ezazue, nahi izanez gero, gure borrokaren zio politikoak azaltzeko prest gaudela,” azaldu zuten.
Askatasunaren bidean eroritako euskal borrokalari guztiak oroituz bukatu zuen Eskisabelek.
Honetaz gain, epaiketaren sumarioaren irakurketa eta testiguen edo peritoen zitazio egin ziren lehenego saio honetan.
Beste saioak
Arratsaldeko saioan, Peiori galdeketa pertsonala egin zioten epaileek. Honek haien galderei erantzutea uko eginzuen eta bere militantzia azaltzen zuten arrazoiak eman zizkien.
Ostirala goizean, defentsak deituta Tomas Arrizabalaga eta Joxe Goikoetxea herritarrek epaiketan. Hauek Hego Euskal Herrian bizi den egoera antidemokratikoa azaltzen saiatu ziren, hala nola, adierazpen askatasun eza edo alderdien legea.