Aurpegi berriak eta esperientzia

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 23a

Lasarte-Oriako PSE-EEk maiatzean izango diren hauteskundeetako zerrenda aurkeztu zuen atzo.
Zerrendan aurpegi berriak eta esperientzia duen jendeak osatzen duela azaldu zuen Jesus Zaballos alkategaiak.
Gauzak honela, Iñaki Mujika, Nerea Artamendi, Txus Alonso, Lourdes Acevedo, Martin Moreno, Marisa Zubiri, Fernando Escoriaza, Nicole Palacios, Iñigo Alonso, Jose Rodriguez, Lupe Mazuela, Jose Luis Lopez Rioja, Mercedes Gonzalez, Julio Gonzalez eta Jacinto Hernandez dira PSE-EEk aurkezten duen aukera.
Zerrendako azken lekuan,"herriaren alde lan egin duen jendea edo herriarekin zer ikusi handia duena doa," azaldu zuen Zaballos alkategaiak. Leku hori, Froilan Elesperen alarguna den Tomasi Pelazek beteko du.

Lan egiteko prest

Talde honek lan egiteko gogoa duela azpimarratu zuen Zaballosek. "Herritar ugari dago taldean eta gainera, herrian elkarte desberdinetan ibiliak dira gehienak," azaldu zuen. Era berean, herria zuzentzeko ongi prestatutako jendea zela ere azpimarratu zuen.
25 urte hauetan alderdiak egin duen kudeaketak Lasarte-Oriaren garapean ekarri duela gogoratu zuen eta hurrengo hauteskundeetarako, azken lau urteetan Gobernu Batzordeak egindako lana eta kudeaketa bermea direla azpimarratu zuen Zaballosek.
Horregatik, herritarrei haien konfiantza PSE-EE alderdian jartzeko eskatu zuen, "Lasarte-Oria garatzen jarrai dezan".