Atsobakar auzoan aparkatzea errazteko asmoz, Lasarte-Oriako Udalak aparkalekuen zentzua aldatuko du, hau da, ilaran aparkatu beharrean baterian egingo da. Konkretuki Atsobakar Etorbidean eta Asteasuain kalean izango da eta horren ondorioz, auzoak 100 bat aparkaleku gehiago izango ditu aurki.
Jesus Zaballos alkateak azaldu duenez, "jakin badakigu lasarteoriatar askorentzako arazo handia bihurtzen ari dela udalerrian autoa aparkatzea eta Udalean zailtasun hori ahal dugun neurrian arintzeko lanean ari gara, zonaldeka aztertzen zein neurri hartu ditzakegun".
Datorren astean hasiko dira aparkaleku eremu berriak pintatzeko lanak, eta behin behineko aldaketak eragingo dituzte auzoan. Atsobakar auzoko bizilagun guztiei informazioa emango zaie portaletan jarriko den bando baten eta plano baten bidez.
Lerro hauen bidez, alkatetzak barkamena eskatu nahi du horrek sortu ditzakeen eragozpenengatik.