Lasarteko hainbat gazteren iritzia

Txintxarri 2011ko martxoaren 25a

Lasarte-Oriako udaletxea aspaldi hasita dago hurrengo hauteskundeetarako kanpaina egiten. Jakina da gaur egun udaletxean agintzen dutenek nola egin ohi duten bere lana, berriz aukeratuak izan daitezen. Modu bisualean, gaur egun sistema honek agintzen duen eran, kanpoko fatxada ponpoxoa egin, nahiz eta barrua edo oinarria hutsa izan. Alegia, eraiki, dirua xahutu eraikin berriak eginez, hauek bete ditzaten beharrezkoak diren horrenbeste hutsune.
Gutun hau, honen harira idatzi dugu. Orain arte udaletxeak herriko gazteoi dagokigunez egin duen lana, hutsa izan baita. Azkeneko aurrekontuetan gazteria sailean inbertitu den diru kopurua %0,27koa izan da. Eta diru honen erabilerak herriko gazterian izan duen eragina oraindik txikiagoa izan dela esan daiteke, gazteontzako antolaturiko kontzertu garestien argazkiak ikustea besterik ez dago.
Hau honela izanda, harritzekoa da Gazte lekua bezalako proiektu bat eraikitzen ikustea. Nondik datorkie ideia hau? Benetan egun, duela 10 urte ez genuen beharra al dugu herriko gazteok? Orain dela gutxi arte gogoz itxitako lokal autogestionatuen helburuak ez al zetozen bat herriko gazte lekuarekin? Gauzak honela, 1.000.000 euro pasa ordainduko dugu herritarrok, segur aski hauteskunde bezperatan bukatuko den eraikin berri batetan.
Eduki ditzakeen benetako helburuetan sartu gabe, badaezpada ere zenbait gauza eskatu nahi genizkioke udalari:
1.Honelako proiektu handi batean sartu aurretik, herritarren iritziak jaso beharko lirateke. Alegia, herriko gazteriak honelako inbertsioa merezi duenik dudarik egin gabe, HERRI KONTSULTAK direla honelako erabaki handiak zuzenak izan daitezen bermatzeko modurik onena.
2.Gazte leku berria, eraiki aurretik landu beharrekoa dela iruditzen zaigu. Alegia, eraikina bera egituratzeko eta bertako funtzio nahiz espazioak zehazteko herriko gazteon parte hartzea beharrezkoa dela. Guzti honen inguruko INFORMAZIO EZA ez da biderik egokiena.
Gainera, orain arteko udalaren jarduna ezagututa, jakin dezazuela gazteon ardura nagusia ez dela aisialdia, eta beraz eraikin berrian futbolin bat jartzearekin ez direla gure beharrak aseko. Bertako funtzioak zein izango diren jakin gabe, badaezpada ere gazteon zenbait behar betetzeko lekua izan beharko litzatekeela pentsatzen dugu:
1.Egungo krisia dela medio, langabezia gazteok zuzenean pairatzen dugun arazoa da. Udaletxeak gazteontzat lan politika aktiboa egitea espero dugu eta Gazte leku hau aproposa da jarduera hau aurrera eramateko.
2.Etxebizitza ugari eraiki arren herrian, gehienok ez dugu hauek ordaintzeko baldintza ekonomikorik ezta bizitza osorako hipotekatzeko gogorik ere. Udalak, etxebizitza politika aldatu eta alokairu merkeen alde egitea gustatuko litzaiguke. Honetarako ere, alokairu bulego bat ezartzeko leku egokia iruditzen zaigu, higiezinen eskaintza ez baita irtenbidea noski.
3.Gazteok egonezin asko izan ohi ditugu eta esperientzi berri askoren jo puntu izaten gara. Hau dela eta, sexualitatea, drogak eta beste mila egonezinen inguruan duda ugari izaten dugu. Honela, hauetaz informatzeko, ideiak kontrajartzeko nahiz eztabaidatzeko gunea izan beharko lukeela iruditzen zaigu.
4.Herriko eragile, musika talde, artista,…etb gazteri, urtetan ukatu zaizkie lokalak beraien jardueretarako. Eraikin berri honek behar hauek ere bete beharko lituzkeela pentsatzen dugu.
Hauek, beste askoren artean benetako gazte leku bat sortzeko prozesuan aterako liratekeen ideia batzuk besterik ez dira. Baina, espero dezagun hemendik aurrera lana kontu pixka bat gehiagorekin egitea eta batez ere fatxada ponpoxo hori barrutik biziz betetzea.

Lasarteko ezker abertzalea