Japoniako tsunamiaren eta lurrikararen ondorioz gertatutako kalte pertsonal eta material handiekin batera berriro etorri da gurera energia nuklearraren inguruko eztabaida. Sortzen didan beldurra alde batera utzita, nire barneko ekonomistak pentsatzen duenean, kostuak eta etekinak ikusten ditu. Etekinak garbi daude: badirudi beste energiak baino merkeagoa dela. Eta kostuak? Badirudi txikiak direla. Baina kostu guztiak kontuan hartzen al dira? Zer gertatzen da segurtasunarekin, hondakinekin, eta abar? Zentzuzko erabakiak hartzeko datu guzti-guztiak sartu behar dira kalkuluetan eta ekuazioetan, eta ez dirudi guztiz kontuan hartzen direnik (adibidez, Japoniakoa nola sartu?). Gaur irakurri berri dut istripu atomikoaren kostuak Japoniako hiritarren zergen bitartez ordainduko direla neurri handi batean, industria nuklearrak egin ordez. Zentral nuklearrek aseguruak erosten dituzte, baina ez dute guztia aseguratzen (zergatik ote?): 1.000 milioi euroko estaldura gutxi gorabehera, eta hortik gorakoak aseguru-multzoek edo estatuek azken aukera gisa.
Beno, besterik ez ... Ah, bai!!! Nor izango da hurrengo alkatea? Badakit Pablo nire zutabekidea arduratuta dagoela niregatik galdera hau errepikatzen dudalako azkenaldi honetan (Pablo, ondo nago!), baina oraindik ere badaukat esperantzarik, itsasoak duela urte dezente izan zuen bezala: tsunami politikoa iristear dago.