Arramazka taldekoek Palestinako egoera zuzenean ezagutzeko aukera izan dute, Biladi Hadi elkartasun brigadako partaide izan ziren beste euskaldun batzuekin batera eta argi daukate, zapaldutako herri guztiek zapalkuntza berdina pairatzen dutela. "Euskaldunon arazoa bizi osoan sufritu eta gero, Palestinako errealitatetik hurbil sentitzen gara, eurek ere arazo nazionala daukatelako. Hango errealitatea ezagutzera joan ginen, eta horixe nabarmenduko nuke, edozein herrik zapalkuntza berdina pairatzen duela. Euskal Herria eta Palestinaren artean ez dago diferentzia handirik. Aldea dago, han egur handia ematen dietelako, bestela ez" azaldu digute argi eta garbi.
1948an Palestinako lurralde batzuk hartu zituzten israeldarrek (%60), gero 1967an Zisjordania eta Jerusalemgo beste lur batzuek eta orain palestinarrek bere lurren ehuneko 20a daukate gutxi gorabehera. Biztanleria arabiarraren %70a bere etxeak uztera behartuak izan ziren, errefuxiatu bihurtuz. Israeldarrentzat Israel da 1948tik aurrera eskuratutako Nafarroaren tamainako lurralde hori, baina palestinarrek horra itzultzeko eskubidea aldarrikatzen dute. "Orduan (1948an) eremu horretako 900 bat herri txikitu zituzten, herri horietako palestinarrek errefuxiatu eremutan daudenek 1948an galdutako lur horietara bueltatzeko eskubidea eskatzen dute. Gero Zisjordaniak autonomia moduko bat dauka, kontrol handia, soldadu israeldar asko ibiltzen da bertan eta israeldarrak euren koloniak egin eta egin dabiltza, ... "
Eta palestinarrak,...
Ghettoz betetako eremua da Zisjordania, hiri handi gehienak pareta batekin inguratuta daude, palestinarren herriak lotzen dituen errepiderik ez dago, edo baldin badago beti dago soldaduen kontrola. Isolatuta daude.
Bi nazionalitate daude han, israeldarra daukatenak badaukate paretaren alde batetik bestera ibiltzerik, baina palestinarrek ez, ezin dute Jerusalem-era sartu, ezin du Zisjordaniatik Europara, Libanora, Jordania edota Siriara joateko atera.
Beraz batzuek hedatzen ari dira eta besteak isolatuta daude,...
Koloniak nazioarteko legearen ahotan guztiz ilegalak dira, baina eraiki eta eraiki jarraitzen dute eta paretarena da beldurgarria,...Ghetto izeneko dokumental interesgarrian oso ondo ikusten da, herri bakoitza erabat inguratuta daukatela. Gero, mila istorio daude,... baina nik azpimarratuko nuke, zapaldutako herriek nahiko egoera berdintsua dutela, gero bakoitzak bere berezitasuna badu ere.
Desberdintasun soziala handia al da israeldar eta palestinarren artean,...
Israelen hemengo edozein hiritan bezain ondo bizi dira, eta palestinarren artean hiru errealitate daude, Zisjordanian Al Fatah edo Palestinako Autoritate Nazionalaren inguruko familiak nahiko ondo bizi dira, Europatik iristen den dirua beraiek jasotzen dute, lana izaten dute,... bestalde, Zisjordaniako familia musulman eta islamiarrak, arabiar estatuen laguntzarekin ez dira gaizki bizi, eta aldiz, ezkerrekoak, iraultzaileak dira gaizki bizi direnak.
Dena den, ñabardurak ere badira, badaude Al Fatah-ekoak izan eta gaizki bizi direnak ere... Gero, Gazan ez dago bizirik, egoera larria bizi du.
Brigada kultural gisara joan zineten,...
Biladi Hadi bi pausotako brigada izan da, uztailean joan zen talde bat eta bestea irailean. Uztailean besteak beste Porrotx joan zen eta irailean Arramazka taldea. Biladi Hadi Euskal Herriko jendarteko ordezkari ezberdinek osatu dute, ikasle mugimendukoak, gazte mugimendukoak, politikagintzakoak eta kazetari, bertsolari, musikari eta kultur arlokoak oro har. Brigada kultural Sozio-politikoa izan da, baina gehienbat kultura aldera bideratuta.
Arramazka bertan izan da... non eta norentzat jo zuen?
Hamar bat tokitan jotzeko aukera izan zuen Arramazkak. Hiru errefuxiatu eremutan, Jerusalem-go Sheikh Jarrah, auzoan, (juxtu duela gutxi, israeldar kolonoek palestinarren etxeak bota egin dituzte eurenak egiteko eta bi egunetan han izan ginen palestinar familiekin), hiriburuko alde zaharrean ere jo genuen, Hebronen ere bai; guztira, zortzi hamar saio eman genituen...
Kalean, lokaletan,...?
Errefuxiatu eremuetan aretoetan normalean eta bestela kalean, tabernaren batean ez baldin bazen.
Zer moduzko esperientzia izan zen, nola hartu zuten palestinarrek?
Han edozer gauzarekin joanda ere, beraientzat handia da, umeentzat batez ere. Harritu egiten dira, normalean ez dago eta ezer, adibidez instrumenturik ez dauzkate,... folklore, musika eta dantza kultura aberats eta zabala daukate, baina gero bizi duten egoerarekin, denborarik ere ez dute musika jotzeko. Azken finean, kanpotarren bat joaten denean izugarrizko poxa hartzen dute.
Joan etorriko esperientzia izan da, ez gaituzte turista alternatibo gisara ikusi, eurak ere Euskal Herria ezagutzen dute, onarpen handia izan dugu.
Rim Banna abeslari palestinarra euskaraz kantuan jarri zenuten,...
Rim Banna eta DAM Palestinako aurreneko rap taldea ere bai.
Zer moduzko hartuemana izan zenuten?
Alde batetik muga kulturala hor izan da eta hizkuntzarena ere bai. Oso kultura ezberdinetik gatoz, joera bat dute. Baina hori kontutan edukita, oso esperientzia aberasgarria izan zen. Egun bat egon ginen beraiekin, Nazaret-eko (arabiarrez Nashra-ko) estudio batetan, eta musikari bezala esperientzia oso interesgarria izan zen: Palestinan grabatzea, hango rap abeslariekin, hango kantariarekin, hango estudioan, estudioa nolakoa den eta nola funtzionatzen duen ikustea,...
Nolatan sortu zen horrelako aukera?
Hemen, joan aurretik, pentsatu genuen hango musikaren batekin harremana izatea aukera balego. Fermin Muguruzak Checkpoint Rock grabatu zuenean DAMekoek parte hartu zuten, eta Fermini berari galdetu genion ia posible ote zen beraiekin zerbait egitea; posta elektronikoa pasa zigun, hartu emanetan jarri eta hemendik abiatzerako DAMekin dena lotuta geneukan.
Bannarekin ere saiatu ginen, baina zaila zen gaixo zegoelako. Behin han ginela telefonoz hots egin genion, hartu zuen eta orduan egin genuen tratua. Abeslari oso ezaguna da Palestinan.
Zer moduz moldatu ziren euskaraz?
Kantua bera oso polita da. www.arramazka.com-en entzun eta ikusi daiteke. Aurreneko kantua da. Mikel Laboaren kantua izateak ere badu bere garrantzia. Orain abeslari hau nahiko saturatua dago, alde guztietan ateratzen da, baina esperientzia oso polita izan da, bi herri zapalduen arteko harremana musikaren bidez, Mikel Laboa oinarri hartuta.
Musikak zubi lana egin du beraz?
Bai, musika erabili dugu bi herrien arteko elkartasun ariketa hau egiteko.
Zer moduz grabaketan?
Lan handia izan da. Aurretik jada froga bat grabatu genuen hemen beraiei bidaltzeko, gero han beraien puska grabatu genuen eta etorri; Gero kanta osoa berriro grabatu genuen hemen eta hangoarekin nahastu. Azkenean grabaketa ia hiru hilabeteko prozesua izan da.
Webean jada hor dago, baina argitaratzeko asmorik ba al daukazue?
Euskal Herria-Palestina, sortu berria den sarean hainbat ekimen ari gara prestatzen eta apirila-maiatza alderako kantu liburu bat ateratzeko asmoa dugu. Antolatzen ari garen Euskal Herria-Palestina Egunean aurkeztuko da.
Biladi Hadi brigadaren azken ekintza Belengo harresian Picassoren Gernika margotzea izan da, ezta?
Ez genuen margotu. Irailean bi Gernika bidali genituen korreoz, tamaina originalean, 10 x 4 metrokoak; ideia Brigadaren beste ekintzatako bat izatea zen, baina ez ziren iritsi eta orain, gabonetan batzuk berriz joan garenean, Jerusalem-en zegoen Gernika hori, eta Beleneko Aida Camp izeneko errefuxiatu eremuan jarri genuen. Errealitate gogorra bizi dute, Belenen bazter batean dago eta dena horma batez inguratuta. 48an bere herrian bizi zen jendea bidali eta errefuxiatu eremu hori sortu zuten eta orain eremua paretez inguratu dute.
Gainera, barruan dauden guztiek nazionalitate palestinarra daukate, ezin dute 10 kilometrora dagoen Jerusalem-era sartu, Belenetik ateratzeko ere checkpoint edota kontrola pasa behar dute. Han daude eta ezin dira mugitu ez atzera ez aurrera.
Kartzela batean bezala...
Kartzelan baino okerrago. Palestinar batzuei ez zaie gustatzen pareta margotzea, esaten dute gordintasuna kentzen zaiola margotuta, baina hango jendearekin egon eta inongo arazorik gabe jarri genuen Aidako sarreran. Nahiko errefuxiatu eremu ezaguna da. Handik astebetera soldaduak joan eta borratu egin zuten.
Aidan nahiko egoera larria dago egun, ia egunero sartzen dira soldaduak. Ni etxe batean egon nintzen eta bertan bizi den gaztea beldurtuta bizi da, soldaduak ibiltzen direlako barruan. Agian bere etxea jada botata izango da. Aida kanpo aldean bertakoek olibondoak eta etxolak zituzten, gerora etxe txiki bihurtu dituztenak. Lagunak gurasoen etxetik bi minutura zuen bere etxetxoa olibondoen ondoan, baina pareta egin zutenetik, bi minutuko tartea 40 minutukoa bihurtu da, sekulako itzulia egin behar du eta checkpoint-a pasa. Berdin alderantziz olibondoetara joateko.
Etxea botatzen badiote, errefuxiatu eremura itzuli beharko du. Baina berak ez du mugitzeko asmorik.
Dena den, esanguratsua da, Picassoren Gernika bezalako koadro bat borratzea. Hori kulturaren aurkako atentatua da. Bestalde, egunero han dabiltza soldaduak baina errefuxiatu eremuan ez daukate ezer, palestinarren ehuneko 60ko langabezian da eta ustelkeria ere handia da, Al Fatah inguruko familiek lana daukate eta beste guztiek ez daukate ezer.
Zein etorkizun ikusten diozu Palestinari?
Etorkizun bat ikusten dut eta ikusi nahiko nuke beste bat. WikiLeaks-en atera dira autoritate Nazional Palestinarra eta Israelen arteko elkarrizketen paper ezkutuak. Palestinarrak nazka-nazka eginda daude bertako ustelkeriarekin eta bestalde, Hamas eta Al Fatah-ren arteko gerrarekin. Etsaia Israel izanik bere aurka egin nahi dute. Baina askok uste dute hirugarren intifada hasiko dela eta autoritate Nazional Palestinarrari egurra emango diotela.
Nik nola ikusten dudan? Ez dakit, hau izan daiteke azken aukera palestinarrei laguntzeko. Berriro gerran hasten badira denak zapalduko dituzte eta ez dakit non bukatu beharko duten; Egipton, agian,... Egoera oso latza da.
Niri beste zerbait gustatuko litzaidake. Judutarrek diote Israel dela beraien estatua, baina judutasuna erlijio bat da, ez da nazionalitate bat, ez da herri bat. Euskaldunak herri bat gara, baina kristauak herri bat dira? Musulmanak herri bat dira? Zen punturaino daukate eskubidea israeldarrek? Palestinan judua izan nahi baduzu, izan, baina judu palestinarra izango zara, baina ez joan eta eurei herria kendu.
Niri judutarrak handik joatea gustatuko litzaidake, 1948ko mugetatik eta denetatik, baina hori oso zaila da. Azken finean arazoa europarrok sortu genuen. Alemaniak II Munduko Gerran sortutako nahaspilarekin, Europa osoan barreiatuta zeuden judutar guztiak, leku batean kontzentratu zituzten, eta gainetik kentzeko Palestinara bidali zituzten. Beraz Europaren arazo bat da.
Palestinarrek zergatik egon behar dute horrela? Kolonia gero eta gehiago egiten ari dira, pareta eginda dago, eta hori botatzeko,... ez dakit zer mugimendu egon beharko duen nazio artean.
Ehuneko 60ko langabezia dago, eta errefuxiatu eremu batzuetan jada bigarren eta hirugarren belaunaldiak hazi dira, orduan hauek jada ez dakite beraien benetako herria zein den, aiton-amona eta gurasoek bai, baina seme-alabak, Aidako errefuxiatu gunean jaio badira Aidakoak dira. Eta Israelen eragina erabatekoa da. Gazte gehienek dakite hebreera zaharra eta beraz asimilazio prozesua nabaria eta bortitza da.
Langabezia handia da, eta beraz Israelgo soldaduek edo Mosad-ak erraz lortzen ditu salatariak, sare horretan palestinar pila daude Israelentzat lana egitera behartuta, eta paranoia kolektibo bat ere bada. Ez dira fidatzen.
Ez da erlijio arazoa, 1948 aurretik, Palestinan judu, musulman, kristau, ateo denak bizi ziren han inongo arazorik gabe. Sionismoa politika egiteko modu arrazista eta faxista da, palestinar herriaren zapalkuntzan oinarritzen da.
F-16 eskuadroiak pasatzen ikusten dira zeruan, tankeak kaleetan, checkpoint kontrolak, egunero akabatzen dute palestinarren bat, han nengoela ni nengoen etxeko gaztearen lagun baten arreba manifestazio batean. Oso egoera gogorra da.
Eta nola lagundu diezaiokegu Palestinari Euskal Herritik?
Onena bertara joatea da; sentsibilizatuta egonez gero, hegazkina hartu eta joan. Benetan ezagutzeko. Hemendik ez dago ezer askorik egiterik. Internazionalismotik lan asko dago egiteko. Herriko bospasei lagun animatuko balira ondo legoke bidai bat antolatu, berriro joan, ikusi eta gero hasiko gara lanean. Israelen aurkako boikot kanpaina indartsu bat ere martxan da, supermerkatu handietako produktu asko eta asko Israeldik datoz eta.
Martxoaren 12an Alegiko gaztetxean jo zuen Arramazkak Palestinaren aldeko egunean, apirilaren 2an Zestoako Euskal Herria-Palestina elkartasun egunean joko du, apirilaren 7an Bilboko Zazpi Katu gaztetxean, apirilaren 17an KORRIKAren amaiera festan Donostian, uztailaren 16an Araiako txalaparta egunean eta udaran bospasei abesti grabatzeko asmoa dute interneten jartzeko. “Euskarri fisikoak ez du halako garrantzirik gaur egun” diote taldekideek.