Diru laguntzen araudiari ekarpenak egin dizkio Ezker Abertzaleak

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 25a

Lasarte-Oriako Udalak diru laguntzen araudi berriari ekarpenak egiteko aukera eman du aurreko asteetan. Ziurrenik hainbat izan dira alderdi eta elkarteek eskainitako aukerak, Ezker Abertzaleko lagunek prentsaurrekoa batean haiek egindakoak azaldu dituzte.
Ezker abertzaleko zinegotzien aburuz, diru laguntzen araudia beharrezko erreminta da, "baina hanka motz dago".

Arrazoiak

Zinegotzien ustez, "ordenantza hau aulkiaren hanka bat da, eta hala izanik bigarrena falta zaio: diru laguntzak arloz-arlo banatu edo emateko portzentajearen edo zenbatekoaren kriterioak finkatzea, argitzea eta zehaztea".
Baliabideak ez direla helburu izan behar eta euskara, kultura, kirola edo aisialdiaren sustapena dela garrantzizkoena gogoratzen diote alkateari.
Gainera, araudi honetan, ardurak elkarteen esku geratzen direla edo zenbait ataletan zehazpenak falta eta irekiegia dela azpimarratzen dute.

Ekarpenak

Gauzak honela, ezker abertzaleko zinegotziek diru laguntzak eskatzen dituztenen arteko erregistro bat sortzea beharrezkoa dela ikusten dute.
Gainera, haien ustez, diru laguntzak ematearen ardura ez luke alkatearen edo batzorde buruaren gain soilik egon behar eta horretarako diru laguntzak erabakitzeko batzordearen osaketan pertsonako boto bat izatea proposatzen dute, "horrek aukera justu eta proportzionatuagoa lortuko lukeelako".

Kritika

Era berean, egun Udalak duen diru laguntzen banaketa politikarekin bat ez datozela adierazi zuten eta adibide bezala jarri zuten, kultur talde edo jarduerei diru laguntzak emateko arautegia. "Hamargarren artikuluan hau dio: diru laguntzaren zenbatekoa, gehienera jota, programaren %30ekoa izan daiteke, baina udalak urteko aurrekontuak prestatzerakoan markatuko duen kopurua gainditu gabe, salbu udalak interes handikotzat jotzen dituen programen kasuan," adierazi zuten.
Irizpide hori izateko, "Udalak badu taula bat, non gure ustez kriterio erabat subjektiboekin eta diskriminatzaile batekin erabakitzen diren diru laguntzen zenbatekoa," adierazi zuten.

Herri kultura sustatu

“Ezker Abertzaleko zinegotzion ustetan helburua argia eta zehatza izan beharko luke, udalaren inbertsioa kulturan, kirol eta beste ekintza anitzetan, herriko eragileekin adostasunez bideratzea”.
Herri kulturaren garrantziaz ohartzea eskatzen diote alkateari, "Lasarte-Oriak bere nortasun eta izaeraren sustraietan altxor oparoa du. Herritarrak kulturaren, kirolaren, euskararen... defentsan jarrera aktiboa du, herri egiten gaituen ekintzak-jarrerak birsortu eta indartzeko, eta ezin da galtzen utzi."
Era berean, ekintza parte hartzaileak landu, suspertu, lagundu, ezagutarazi eta bermatu beharko liratekeela azpimarratzen dute, "denon arteko baldintza berdintasunean, ez baldintza diskriminatzailetan".

Lankidetza

Era berean, ekimen desberdinak lankidetzan oinarritu behar direla uste dute eta eragileekin harreman zuzena bideratuz eta jarduera instituzionaletik, Udaletik bultzatuz, erronka "orain arte lortutakoa sendotu eta biderkatzea izan behar du," atxiki zuten.
Horretarako, herrian eta auzo guztietan mugimendu aktiboa indartu eta azken hogeita bost urte hauetako inertziaren zama kentzea eskatzen diote alkateari.
Izan ere, Ezker Abertzaleko zinegotziak "ziur gaude, Zaballos jauna, herriko talde gehienak denak ez esateagatik, bide hau jorratzeko prest izango ditugula. Heldu iezaiozu erronkari".