Gure Ametsa elkartea 1991. urtean sortu zen eta urteurrena ospatzeko 20 ekintza burutuko dituzte abendura bitartean, urte bakoitzeko bat. Larunbat arratsaldean burutu zuten lehenengoa: ospakizunaren aurkezpen polita egin zuten klubeko partaideek Osasun Etxearen gainean daukaten lokalean, senide eta udal agintarien aurrean.
Batetik 20. urteurrenean egingo dituzten ekitaldien berri eman zuten; ondoren, euren eskuak kartel batzuetan margotu eta “Gure Ametsa 20 años de acciones” pankarta jarri zuten balkoian.
“2011, 20 urte 11 bertute” leloarekin urtean zehar 20 ekintza egingo ditu Gure Ametsak, ekitaldi bat urte bakoitzeko. Bi data garrantzitsuren artean burutuko da egitarau oparo hau. Batetik, apirilean hasi da, zerbitzua martxan jarri zenetik 20 urte bete direnean eta urritasun duten pertsonen egunean amaituko da, abenduaren 3an. Egun horretan jaialdi handi bat egingo dute, baina aurreko astean egunero egingo da ekintzaren bat.
Denetariko ekitaldiak daude egitarauan, LipDub-aren grabazioa, antzerkia, buruhandiak, futbola, artisautza, hitzaldiak, krosa, dardo txapelketa, ipuin kontalaria, argazki erakusketa, errezeten DVD-a, jolas egokituak, barreterapia, pelikula, trikipoteoa, abesti baten grabazioa, bazkari eta dantzaldia.
Ekintzak elkartearen programarekin lotuak izango dira, programaren helburuak landuko dituzte, alegia. Honekin batera herriko elkarteengana eta herritarrengana iristeko eta hauekin harremanak sendotzeko ere erabiliko dira urte honetako ekintzak. Gure Ametsako ordezkariek adierazi dutenez, ez dute ospakizunak egun bateko gauza izaterik nahi, "integrazioa ez baita egun batekoa. Saiatuko gara ahal dugun zabalkunde handiena izaten".
"Gure Ametsa" Kluba 1991. urtean sortu zen. Gizarte Etxeko lokaletan bildu ziren lehenengo aldiz senideak, erabiltzaile izan zitezkeen gazteak eta interesa zeukaten pertsonak, adimen urritasun arazoa zuten gazte hauen egoerari irtenbidea eta erantzun egokia emateko asmoarekin.