Euskarari eta kirolari bultzadatxo bat emanez giro bikainean burutu zen atzo goizean Eneko Castro atletaren omenezko XIV. Euskal Krosa Atsobakar inguruan. Landaberri ikastolak urtero antolatzen duen euskal krosean 330 bat neska mutilek hartu zuen parte eta domina bana eraman zuten etxera.
Urtero helburu eta izaera berbera du Krosak eta amaieran ez zen onenentzat saririk izan, sariak opari bihurtzen dira eta urtero euskal krosean.
Haurren artean lehiakortasuna baino, parte hartzea eta gozatzea bultzatu nahi dituzte antolatzaileek eta amaieran parte hartzaile guztien artean kirolarekin eta euskararekin lotutako opariak banatu ziren zozketa bidez.
Opari banaketan Eneko Castro zenaren ama izan zen Landaberri ikastolako antolatzaileekin batera. Aurten 14. aldiz Lasarteko atletaren oroimenez antolatu du krosa ikastolako Guraso Elkarteak.