Gai sozialak
Kooperazioa eta solidaritatea izan ziren aurreko astelehenean Zinema soziala zikloari amaiera eman zioten gaiak.
Horretarako, Danok Kideko lagunek “Retorno a Hansala” filma eskaini zuten.
Filmaren ondoren, “Medicus Mundi” erakundeko kideek arlo honetan egiten duten lana eta haien esperientzia eskaini zieten kultur etxeko aretora hurbildu ziren herritarrei.
Era honetara, aurtengo zikloan, kooperazio eta solidaritateaz gain, inmigrazioa eta adimen urritasun landu dira, film eta “Esperanza Latina” elkartea edo “Gureak” taldeko gazteen bitartez.
Eta antolatzaileak oso gustura daude aurtengo edizioarekin, oso jendetsuak izan direlako eta era berean, elkarteak eta Udaleko kultura sailaren izenean eskerrak eman nahi diete herritarrei.
Izan ere, ekimen hau gai sozialekiko herritarren kontzientziazioa sustatu eta lantzeko antolatzen du Danok Kidek.
Ahotsa nagusi
Bestalde, arestian esan bezala, ostiralean, apirilaren 1an, VI. Musika Topaketen kontzertua izango da arratsaldeko 19:30ean Brigitarren komentuan.
Oraingo honetan, ahotsa izango da nagusi. Izan ere, Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioko kantu ikasleak, Ainhoa Merzero sopranoaren ikasleak hain zuzen ere, izango dira bertan.
Bakarka, duo edo hirukoteetan eta pianoan, Joseba Candaudap edo Mercedes Medinaren laguntzaz, egile handien operetako eta zarzueletako zatiak edo abesti herrikoiak eskainiko dituzte Kontserbatorioko hamabi ikasleek.
Honela, Mozarten “Las bodas de Figaro” operako hainbat pasarte edo Rossini, Garbizu, Vivaldi edo Beethovenen obrak entzun ahalko dituzte Ama Brigitarren kaperara hurbiltzen diren herritarrek.