Hernani Bidean bizi naiz, gaur egun alkate eta arduradun nagusia zaituen udalak ahaztutako inguruan, hain zuzen ere.
Gauero hilerriaren inguruan dagoen argi pila ikusten dugu. Ia gauero, berriz, Hernani Bidean iluntasunean bizi gara, argirik gabe. Aspaldiko kontua izanik, aurreko udatik hona ari naiz zerbitzu hau behin betikoz konpon dezazuen eskatuaz. Honen lekuko dituzu udaltzainak, udaleko langile diren Amaia eta Garbiñe edota bere harridura azaldu zidan Ana Sanz berak, hainbeste denbora igaro ondoren berdin ginela jakinda.
Betiko leloa da: gaua heldu eta argirik ez; hurrengo egunean udaletxera deitu; udaletxeko langilea etorri eta "automatikoa" bere lekura itzuli; eta hortik gutxira, "marmotaren eguna"ren antzera, dena errepikatu behar. Nekagarria eta nazkagarria benetan.
Nekagarria denez, azkenekoan ez nuen deitu, eta emaitza hauxe izan zen; 11 gau jarraian argirik gabe, 2 egun argiarekin eta geroztik beste 8 egun iluntasunean.
Bitarte honetan, plusbalia baten inguruko faktura igorri digu Udalak, 113 eurotakoa. Epe barruan ordainduko dugun faktura, noski. Baina hauxe da gure amorrua: idatzi horretan, herritar xumeok askotan jasotzen dugun horietako bat alegia, gure betebeharrak 30 eguneko epean burutzeko exijitzen zaigu, isunak edo gainkargak jarriko dizkigutenaren mehatxupean.
Eta Udalak, alkate jauna? Udalak ez al du herritarrenganako bere betebeharrak buru behar? Noiz beteko du Udalak herritarroi exijitzen zaigun zorroztasuna?
Udalak aspaldi dauka pasata epea. Horregatik, nik ez dizuet eskaintzen 30 eguneko epea, arazoa bihar bertan behar dugu konponduta, ez daukagu aitzakia gehiagoren beharrik.
Ea Udalak herritarrok bezain zorrotz betetzen duen bere ardurak, guztion mesederako izango baita.
Pepi Arregi