“Oinetakoak beti ditut Hernanira begira”

jon-altuna 2011ko martxoaren 28a

Antton Garin hernaniarra, Zabaleta auzoan bizi da, Lasarte-Orian, baina oraindik Hernanira begira izaten da. Erosketak egitera sarri joaten da jaioterrira, ostegunero, feria egunean, lagunekin egotera ere bai eta urtean zehar hainbat hitzordu ditu Hernanin, elkarteetako sagardo txapelketak, bertso saioren bat edo beste,... Bertsolaritza bultzatzeko hainbat urtetan egindako lana eskertzeko Sagardoaren kofradiakide izendatu du Hernaniko Tolare elkarteak eta martxoaren 20an jaso zuen izendapena.

Hernaniar peto petotzat du bere burua Antton Garinek eta Lasartera lotara bakarrik etortzen dela dio. Baina Zabaletako bere etxean ez da aspertzen baratza eta abereei kontu egiten. Lanbidez mekanikoa izan da, baina orain egurra lantzea gustuko du. Etxean prestatzen ditu makilak edo oroigarriak nonbaiten sari bezala emateko. Orain bera omendu dute.

Pozik al zaude Hernanin Sagardoaren kofrade izendatu zaituztela eta? Sorpresa izan al da?
Tolareak eskertu egiten du herri mailan egindako lana; guk hainbeste gauza egin ditugu Hernanin hainbeste urtetan gure borondatez, baina ez genuen pentsatzen hainbeste meritu irabazi genuenik. Baina, egia esan, poza ematen du.

Julian Ezeiza eta bioi eman zizueten saria, bera ere bertsolaria da, ezta?

Hark baditu 81 urte. Hernanin bertsotan elkarrekin hasi ginen.
16-18 urterekin lanetik atera eta herrira igotzen ginen merendatu eta gero, txikito batzuek hartu eta kantatzera. Orduko giroa hori zen. Orain galdu egin da hori dena. Garai haietan hasi ginen bertso saioetara joaten ere,... 1960 urtetik aurrera lagunartean, koadrilan, kantatzen genuen eta plazara lehen aldiz 1970ean edo atera ginen. Juanjo Uria Hernanin alkate izan zenak lan handia egin zuen, berak tentatzen gintuen gu: “Gazteak elkartu behar dugu Hernanin”. Orduan baginen bospasei bakoitzak bere koadrilan kantatzen genuenak, talde bat egin eta Uriaren laguntzarekin hasi ginen Hernaniko txapelketak antolatzen,...

Lagunartea izan da beraz zuen eskola?
Bai, orduan ez zegoen ez bertso eskolarik ez ikastolarik, ez beste ezer. Etxean entzundako istorioak, soilik, aitona Txirritarekin asko ibiltzen zen bertsolaria zela eta horrelako kontuak.
Orduan Hernanin, Txirrita hil zenetik ez zen bertsolaririk. Santa Ageda egunean kantatzera atera eta kanpotik ekartzen zen bertsolari bat. Urte askotan Eusebio Igartzabal etorri zen gurekin kantatzera. Guk koplak kantatzen genituen eta berak bertsoak.
Hernanin ohitura ona izan da beti kalez kale kantatzea, tabernan, lehendabiziko balkoian denari,... Polita izan zen: gu ere, Eusebioren ondoan, hasi ginen bertsoren bat kantatzen, lotsagabe, eta behin, hiru edo lau urtera, Eusebiok afarian esan zigun: “Badakizue zer pentsatu dudan, hemendik aurrera Hernaniko lanak zuek egingo dituzuela eta ez naizela gehiago etorriko”. Lauzpabost hasi ginen eta gero herri mailan hiru bat txapelketa egin ziren, Elur Txorin, Peña Otañon eta Zelaia sagardotegian. Batean Ezeiza atera zen txapeldun, bestean Argiñarena, eta hirugarrena kanporaketa bat izan zen: Zer edo zer kantatzen genuen sei zazpi lagun elkartu ginen eta desafioa bota Usurbili. Erabaki zen bost bosten kontra egitea, eta kanporaketan pena handiarekin baina bi kalera joan ziren. Galarreta frontoian jokatu genuen desafioa, eta Usurbilek irabazi.
Amuritzarekin egin genuen gero bi hilabeteko ikastaroa. 80 bat lagun ginen, Donostia, Andoain eta Villabonakoak ere etorri ziren.
Auzoko festatan ere kantatzen genuen. Ez zuten ezer antolatzen eta gu hasi ginen joaten, lau bertsolarik, txandaka, bi aizkolarik eta bi harri-jasotzailek jaialdi bat osatzen genuen bazkari baten truke.
Hernaniko elkartetako sagardo txapelketetan ere hogei urte daramagu kantatzen. Saria eman aurretik kantatzen dugu baina azken hitzera arte irabazi duen sagardotegiaren izena esan gabe.

Gaur non kantatzen duzu bestela?

San Inaziotan Santa Barbaran, Santa Agedan Zabaleta auzoan, omenaldi eta ongietorrietan ere bai,

Zein plaza duzu kuttunena?
Santa Barbaran meza bukatu eta gero gustura kantatzen ditugu bizpahiru bertso eta bazkalondoren ere egiten dugu saiotxo bat. Hernaniko elkartetako sagardo txapelketak ere politak izaten dira.

Hernaniko Bertso Eskolaren aitzindariak zarete?
Ordura arte ez zen ezer, guk martxan jarri genuen dena, herriko apaizarekin aritzen ginen bertsotan Udaletxe gainean. Gero hasi ziren bertso eskolak ikastoletan eta eskolarekin etorri ziren: Sorozabal, Mendiluze, Maialen, Urdangarin... , eta esan genuen, “atzetik datozenak segi dezatela”.
Garai batean Udalak antolatuta ostiraletan trikitilari pare batekin joaten ginen Hernaniko edo Astigarragako sagardotegiren batera. Maialenek orduan 14 bat urte izango zituen eta gurekin joaten zen. Upeletara ere bai: orain dela gutxi elkarrekin bazkaldu genuen eta “Upeletara joan eta edan egiten nuen gainera” gogoratzen zuen Maialenek.
Hernanin Santa Ageda eta San Joanetako errondan kalera ateratzeak asko egiten du, beste toki batzuetan nahiz eta bertso eskolan ibili kosta egiten zaie mikrofono aurrera ateratzea, eta hemen txikitatik kalera ateratzen dira kantatzera. Berdin espaloian edo tabernetan.

Eta orain Maialen txapeldun?
Ez genuen pentsatzen garai haietan txapeldun izango zenik baina,...

Jarraitzen al duzu egungo bertsolaritza?
Bai.

Lasarte-Orian gazteekin elkartzen dira Patxi Etxeberria eta Evaristo Pikabea,...
Hernanitik etorri eta ez dut sekula buruan hemen segitzeko asmorik izan. Lasarten Patxi Etxeberriarekin kantatu nuen behin. Urte asko dira. Añorgara ere joaten ginen, Antiguara ere asko,... Herri mailan ibiltzen ginen.
Hernanin bertso saioak eta jaialdiak ere guk antolatzen genituen, orduan, Aitor zineman.

Ikastaroa emango du laster Andoni Egañak kultur etxean, joateko asmorik ba al duzu?
Ez, gazteago banintz agian, orain jada ez dut gogorik. Jada 70 urte beteko ditut bi urte barru eta guk jada egin dugu egin beharrekoa.

Hernaniarra eta Lasarten bizi,... Zabaletatik bi aldetara jo dezakezu baina gehiago jotzen duzu Hernanira?
Etxetik aterata nire oinetakoak beti Hernanira begira daude. Hori da egia. Enkarguak egitera ere Hernanira. Andreak askotan esaten dit, hemen ere badaude dendak,... Askotan oinez joaten naiz. Ostegunero, koadrilarekin sagardo batzuk hartu, elkarte batean bazkaldu, ... Gure koadrilak urtean zehar gauza batzuk antolatzen ditu, martxa batzuk, sagardo festa,...

Kantu jira ere egiten duzue larunbat batzuetan?
Hernaniko kutsua hori da, Hernaniko gauzak dira.

Kardaberaz kalekoa zara, andre kalekoa?
Kantatzen genuen bostetatik ni bakarrik nintzen kale erdikoa, andre kalekoa.
Garai hartan, euskaraz egitea debekatua zen kalean, eta etxean bakarrik egiten genuen. Norbaitek entzunez gero, “Que has dicho chaval?” eta kaskarreko bat eman igual.
Futbolean jokatu nuen 14 urtetatik, bi urte hondartzan, beste bi jubeniletan, eta gero eskubaloian, atezain, 20 urte nituenetik 28 nituenera arte. Koadrila osoa mendian ibiltzen zen, niri ere mendia gustatzen zitzaidan, eta pena ematen zidan, baina igande goizetan partidua nuen. Esaten nuen, “Koadrila guztia mendira eta partidu batengatik ni joan gabe!” Eskubaloia utzi egin nuen, esan nien, “gu aurrera goaz eta atzetik datozenak ere jokatu beharko dute!”. Orduz geroztik beti mendian.

Aitona bertsolaria zenuen?
Bai baina ez nuen ezagutu. Aitak kontatzen zizkian istorioak, nola ibiltzen zen batera eta bestera askotan Txirritarekin. Aitak umorea zuen, lanean beti txistuka eta kantuan zen karrozerian.

Txirritaren taxista al zen aitona?
Bai, aitonak karrozeria zuen Hernanin eta nonbait Txirritak ez omen zuen ezer, ezta ia dirurik ere. Askotan etortzen zen esanaz, “goazen holako lekura bertsoetara” eta biak joaten ziren. Lasarteko “Gure Etxea” tabernan Hernani guztian ere ez dagoen argazki bat topatu nuen. 1917an, Txirrita, nire aitona erdian eta Gaztelu, Arraten, Eibarren. Pentsa, karroan joango ziren astoarekin. Joan egin behar da gero haraino! Baina lasai joaten omen ziren. Aitonarekin lau seme aritzen ziren karrozerian lanean eta bera Txirritarekin porrai!. Igual bi edo hiru egunerako. Orduan horrela ziren abenturak. Argazkiaren kopia bat atera nuen.
Hernanin Udalak urtero liburu bat ateratzen du eta joan den urtekoan aitonaren istorioak eta bertsoak kontatu nituen. Pena da baina asko ez dakigu familian, Auspoaren liburu batzuetatik ere atera nituen datu batzuek.

Buruz bertso asko al dakizkizu?
Ez naiz oso ona. Gogoan dut aitona eta Pello Errotaren istorio bat. Oso polita. Pello Errota enteratu omen zen Hernanin bazela karrogilea, gure aitona, karroa behar zuen astoarentzat, etorri omen zen ostegun batean eta aitonari: “Olegario, karro bat egin behar didak, gutxi gorabehera horrelako astoa da,...” eta aitonak, “etorri hadi 15 egun barru”. Eta hura etortzerako aitonak karroa preparatuta zeukan, pintatuta. Orduan Hernanin bertsozaleak, baserritarrak, feria eta beraz, giroa, Zinkoenean zegoen, kaletan baino gehiago. Jendea enteratu zen Pello Errota zetorrela astoarekin karro bila; “baietz Olegariok bertso bat bota!” eta horrelako kontuak ziren. Etorri eta aitona han omen zen zain, Pello Errota astoa karroan jartzen hasi zenean, aitonak atzetik: “Karro txiki polit bat / astoarentzako, / Pellok enkargatu dit / ondo egiteko. / Material ederrarekin / lodi eta sendo / bestela ez diola / luzaro iraungo / baina pagatu gabe / ez du eramango” bota omen zion. Pello Errotak lasai lotu omen zuen astoa, jende guztia zain zen eta Pello Errotaren erantzuna: “Jauna Olegario / xelebria zera / aspalditik banuen / zure aditzera, / zertxo kostia dakit / gutxi gorabehera / kurtixia, ardatza / eta errubera / hurrena etortzian konponduko gera”. Astoari “Arre” eginez alde egin omen zuen Asteasu aldera.
Nik boteak ez ditut buruan izaten. Horretan maisua “aterpe” genuen. Bosten artean bera genuen “zerebroa”.

Olegario deitzen al dizu norbaitek?
Hernanin oraindik bai, jende helduak. Familian denoi deitzen digute olegariotarrak, baina bertsotan ni bakarrik aritu naiz.