“Bertso saioa izango da,... mobiolarekin”

jon-altuna 2011ko martxoaren 28a

Ostegun eta ostiralean Andoni Egaña txapeldun ohiak zuzenduko du Lasarte-Oriako Bertso Eskola. Arratsaldeko 18:00etan hasita, Kultur Etxean, lanean jarriko ditu Gipuzkoako Txapelketan parte hartuko duten herriko bertsolariak, eta hauen lana zehatz mehatz aztertuko dute denek ondoren. Saioa irekia izango da eta nahi duen oro joan daiteke Bertso Txapelketarako prestaketa saioa ikustera eta txapelketetako ariketa ezberdinei nola erantzun behar zaien ezagutzera. Herriko bertsolariak buru belarri ari dira txapelketa prestatzen, eta desafioa bota diote Irungo bertso eskolari ere. Jalgin jokatuko da dema apirilaren 15ean. Aurretik, ostiral honetan, bertso afaria da Arrieskalleta elkartean Andoni Egaña eta Xabier Amuritzarekin.

Bizi erantzuten die Andoni Egañak kazetarien galderei. Bertsotan bezala, horretan ere esperientzi handia duen seinale. Elkarrizketa hasi aurretik “hik dispara eta ahal dudana erantzungo diat” esan ondoren egindako guztiei erantzun zien txapeldunak. Martxoaren 31n eta apirilaren 1ean bera izango da Lasarteko bertso Eskolan maixu.

Nolakoa izango da bertso eskola berezi hau?
Aurten, Gipuzkoako txapelketan, Lasarte-Oria eta inguruko batzuek parte hartzera doaz, eta nire esperientziatik txapelketako ariketei nola heldu azalduko diet gutxi gorabehera.

Zer da, saio teoriko ala praktikoa? Lanean jarriko al dituzu?
Praktikoa izango da. Teoriaz askorik esan beharrik ez dago eta esaten den apurra, gero praktikan jartzeko izango da. Lanak egingo ditugu denon artean eta ondo-gaizkirik (nahiko-eskas) gabe, ebaluaketan bakoitzak ikusiko du egin nahi duenaren antzeko zerbait egiten ari den edo ez, edo zer bidetatik doan.

Bertso eskola bat izango da beraz?
Bai, nolabait txapelketara bideratua, txapelketari begira egindako bertso eskola bat izango da, ez bakarrik teknikoki, psikologikoki ere bai: txapelketa bati nola aurre egin behar zaion, ariketa bakoitzean saioa ondo hasiz gero aski ez dela, eta gaizki hasiz gero ez dela etsi behar, pixka bat gauza horiek landuko ditugu.

Ikusleei irekitako saioa izango da, zergatik izango da hauentzat interesgarri? Emango al dizkiezu lasartearrei ikustera joateko arrazoi batzuek...
Nik uste tailer moduko bat izango dela: bertsoak pixka bat destripatu egingo ditugu ikusteko hori zen momentu bakoitzean egin nahi genuena; edo ohituraz egin dugun hori eta beste biderik badagoen,... Nik uste sekretu batzuek azalduko ditugula.

Bertso eskolako kideak kantuan jarrita, bertso saio itxura ere hartuko du jardunak, ezta?
Bai, esango genuke bertso saio itxura izango duela baina mobiolarekin. Esan dudana, ebaluatu gabe, baina bertso bakoitza pixka bat analizatuz, bakoitzak egin nahi duenaren bidean doan ala ez ikusteko.

Hainbeste txapelketetako esperientzia baliagarria izango zaizu aholkuak emateko,...
Egia esan ahaztu ere egiten da, baina, bai, badaukat esperientzia pixka bat txapelketetan... Nik pentsatzen dut jarrera ere garrantzitsua izaten dela txapelketan: aurrez egindako lana bai, eta horri erantsi behar zaion jarrera positiboa: ardura gabe ez joan, baina ardura handiegia ere ez hartu, eta horrelako egoera psikologiko batzuek landuko ditugu.

Sarri aritu al zara horrelako ikastaro-hitzaldiak ematen?
Horrelakoak egia esan ez. Bertso eskoletan bai, izan naiz, baina Lasarteko ekimen hau nahiko berria da, txapelketara doazenei zuzendua delako nagusiki, nahiz eta irekia izan.

Ahozkotasunari buruz nahikoa teorizatu duzue azken urteotan, edota horretan ari zarete ezta?
Bai, ari gara, bukaerarik ez daukan arlo bat ematen du, baina ari gara, ez dakit teorizatzen, praktikatzen edo,...

Lasarte-Oriako bertso eskolarekin aspalditik duzu hartu emana, nolako taldea da? Zer dakizu bertso eskolari buruz?
Jakin dexente, aspalditik dut eta harremana, duela 15-16 urte hasita. Ikastaro bat ematera joan nintzen eta orduz geroztik izan dut bertakoekin harremana.
Eskolaren ezaugarri bat esan behar banu, heterogeneoa dela esango nuke. Adinez, adibidez, bertso eskola askotan ematen ez den adin desberdintasuna dago, ezta? Patxi Etxeberria joaten da, baina Ane Labaka, Asier Azpiroz eta hauek ere bai.

Horrek egiten du berezi bertso eskola, ezta?
Bai, esango nuke talde horretan bertan, jomuga ezberdinak dituen jendea biltzen dela, eta hori sanoa dela.

Bestela, urtean bizpahiru aldiz gutxienez etortzen zara Lasarte-Oriara...
Bai, egiten ditut pare bat saio.

Zer moduzko plaza da? Gustura etortzen al zara?
Bai plaza desberdinak dira. Sanpedrotan entzulegoa klasikoagoa eta edadetuagoa izaten da eta udaberrian egiten den saioan, bertako taldeen partaidetzarekin, askoz ere berriagoa.

Saio berezia izaten da, behin laneko buzoa ere jantzita zaude?
Bai, denetik jantzi dut hor.

Arrieskalleta elkartean, iaz desafioa izan zenuen herriko bertso eskolaren aurka, aurten lasaiago arituko zara Amuritzarekin?
Amuritza ostiralean etortzekoa da eta gustura arituko naiz berarekin: aspaldian, urte betean edo, ez dugu biok bertso afari batean elkarrekin kantatu eta izango dugu zer kontatua.

Zer moduz iazkoa? Gustatu al zitzaizun desafioa?
Bai, interesantea izan zen.