Okendo eremua
Lasarte-Oriako alkateak onartu du Okendo eremuko lanak atzeratuak doazela, baina Askatasunaren parkea eta Okendo plaza uda baino lehen amaitua egotea espero dutela. “Okendo aurreratua dago, zorua jartzea falta da eta San Pedro jaietarako erabili ahalko da” aipatu digu.
Honetaz gain, eremua nola geratuko den ere azaldu du. Alkatearen arabera, Jalgi eta Kale Nagusiaren arteko bide guztia oinezkoentzat izango da, zuhaitzak jarriko dira bertan baina ez obren amaierara arte. Izan ere, beharrezkoa denean, Kale Nagusitik sartu ahal izango dira auto edo kamioiak.
Okendo plaza librea izango da. “Kioskoa jartzea pentsatu genuen, baina ez dugu jarri Andatzako esperientzia dugulako” adierazi digu Zaballosek. Honetaz gain, aparkalekurako oinezkoen sarrera bat izango du eta zuhaitzen eremuaren ondoan argiteria egongo da, “fokoak dituzten diseinuzko tuboak”.
Askatasunaren parkea nolakoa izango den ere azaldu digu, “parkean ibilbide desberdinak egongo dira ibai ondora, Hipodromo etorbidera edo Dorre parkera. Haurrentzako bi parke jarriko dira, egoteko guneak eta eremu berdeak, hauek mojen baratzak birsortzen dituztenak. Argiak, bakulo txikiak izango dira, LED argidunak”.
Era berean, udal berria ere ia bukatua dagoela aitortu du, “azken ukituak falta dira”. Baina gero bigarren fasea egin behar dutela jakin arazi digu, “lekuz aldatuko ginateke eta orduan udal zaharrean hasiko lirateke lanak”.
Gauzak honela, Udal berriaren sarrera Mercero plazatik izango dela eta parkean bertan aparkalekuetara jaisteko sarrera egongo dela adierazi du alkateak.
Honetaz gain, eremuko urbanizazioan bidegorriak jarraipena izango duela eta ibai ondoko adarrarekin, bat egingo duela jakin arazi du.
Hipodromo etorbide aldeko etxebizitzak egitea faltako litzeke bertan, “baina hori ekimen pribatua da eta haiek erabaki behar dute” aipatu du.
Gaztelekua eta lokalak
Sasoeta auzoan ere hainbat lan daude egiteko. Batetik, Gaztelekuaren proiektua dago. Alkateak hau apirila edo maiatzerako amaitua egongo dela onartu du. Baina azpiegiturak falta direla eta, urtearen “bukaerarako egongo da martxan”.
Bestalde, Jaizkibel plazaren eraberritzeko asmoa daukate. Lanaren eskaintza egin du Udalak dagoeneko eta “enpresa batek bi hilabete eta erdian egin dezakeela esan digu”. Baina bermea behar du udalak eta horregatik lanen azalpena eskatuko dio. Hala eta guztiz ere, enpresa horrekin edo beste batekin, alkateak apirilean obra hasi behar dela adierazi du.
Azkenik, auzo honetako eraikinen arteko lokalen eraispena du Udalak esku artean.
Alkateak azaldu duenez, lokal batzuetako jabeekin oraindik ez dira ados jarri.
Gainera, arazo batekin aurkitu dira, “guk uste genuen guztiak era berean bota ahal genituela, baina ez da horrela izango. Lokalen egoera desberdina da, batzuk solairua egoera hobean dute, besteek aparkalekuak dituzte azpian...”
Horregatik, terraza bakoitzeko proiektu bat egin beharko du Udalak eta oraindik, luzerako jo dezake, lan horiek guztiak eskaintza bakarrean atera nahi baititu.
Etxebizitzak
Gainera, herrian eraikitzen ari diren etxebizitza kopurua ere handia da.
Loidi-Barren eremuan merkatal gunea, aparkalekuak eta babes ofizialeko 100 etxebizitza doaz.
Alkateak onartu duenez, “obra aurreratua doa eta dakidanez, merkatal gunean egongo den enpresa urrirako egon nahi du martxan”.
Kotxeras aldean ere, 480 bat etxebizitza egiteko proiektua dago, baina “epe luzerako dira, bost urte igaroko dira lanak hasteko”. Izan ere, enpresei lurrak erosten eta trukatzen ari da Udala.
Hauetaz gain, Goiegi Ibarreko etxebizitzak daude. “Hauek zozketatu ditugu eta aurten maiatza edo ekaina aldera giltzak ematea espero dugu” azaldu du eta eremu honen etxebizitza libreak geratuko liratekeela aipatu du.
Honekin batera, Zabaleta Berriko etxebizitzak ere garai horretan ematea espero dela onartu du eta “Goiegi Ibarra eta Zabaleta Berri eremuak lau edo bost urteetan amaituak egon behar dira” aurreratu digu.
Hondakin urak
Udaleko obrez gain, Konfederazio hidrografikoak herrian egin dituenak daude.
“Egun urak ibaira isurtzen ditugu, baina lan horiei esker, Usurbil eta Lasarte-Oriako urak Loiolako hondakin uren araztegira eramango dira” azaldu du.
Egun Erribera kaleko lanak daude martxan, bertan ekaitz uren depositoa egiten ari dira. “Hauek amaitzear daude. Baina Erribera kaleko ibai hondoa asfaltatu behar dute lehenik” adierazi du eta lan hauetan herriaren eta Usurbilen arteko lotura falta dela ere aipatu du.
Bidegi eta Foru Aldundia
Bestalde, Bidegik Bigarren ingurubidea dela eta, herriko puntu batzuetan lanak egin behar zituen.
Alkateak jakin arazi digunez, Goiegi urbanizazioan egin beharreko lan batzuk egin ditu, “argiteria eta bidegorria egin dute, baina hau margotzea falta da”. Gainera, enpresak Sasoeta eremuko ur hartuneak eta zuhaitzak jartzeko dituela eta Goiegi eremuan sortzen diren putzuei ere irtenbidea bilatu behar diela ere jakin arazi du.
Foru aldundiak jarri beharrekoak dira pantailak, Kotxeras aldean, Oria etorbide eta Antsisu bailara aldean, ”hauek aurten jarri behar dira, baina ez dakigu askorik”.
Michelingo Industrialdea
Azkenik, Michelingo industrialdea berriaren berri eman digu alkateak. Honetan, Michelin enpresak pabilioiak bota ditu. Orain “lur azterketak egiten ari dira, kontaminazioa dagoen edo ez jakiteko” azaldu du.
“Michelin fundazioak lur horiek SPRIren esku utzi behar ditu eta gero Buruntzaldeako Industrialdearekin batera bertako obrak martxan jarriko lirateke” atxiki du.