Hamaika abentura biziko dituzte haurrek Amaraun Jaialdian. Goizeko 11:00etatik aurrera, puzgarriak, tailerrak, ludoteka txokoa, 4 urtetik gorako haur bazkideen bazkaria eta, arratsaldean, antzerkia eta dantza izango dute, Ane Monna, Oskola eta Karramarroiren eskutik.
Berrikuntzak
Baina honetaz gain, aurten berrikuntza ugari aurkeztuko ditu Amaraun jaialdiak.
Antolatzaileek jakin arazi digutenez, lehengo aldia da jaialdiak tematika bat izango duela, Itsas herria.
Honela, haurrak itsasoko edozein animali edo marrazki bizidunetako pertsonaiaz mozorrotuak joan daitezke festara.
Gainera, antzerkia eta dantza baino lehen, mozorro desfile berezi batean parte hartu ahalko dute nahi duten haurrek eta antolatzaileek jakin arazi digutenez, mozorro onenek edo berezienek sariak izango dituzte.
Era berean, gurasoen txokoa egongo da eta honetan, nahi duten gurasoek parte hartu ahalko dute.
Goizean, ipuinen maratoi txikia egingo da eta gurasoek ipuinak kontatuko dizkiete haurrei. Arratsaldean, aldiz, txokomerienda txokoa izango da bertan eta haur eta gurasoek merienda berezia prestatuko dute.
Jostailu trukaketa
Honetaz gain, jostailuen trukaketa azoka ere egongo da jaialdian.
Jostailuak apirilak 4, 5 eta 6an jasoko dira honako lekuetan, Ttakuneko bulegoan, goizez, 9:00etatik 13:30era eta Ludotekan, arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara.
Erabiltzen ez diren, baina egoera onean dauden jostailuak eman ditzakete interesatuek. Beti ere, sexu bereizketa edo indarkeriaren aldeko jarrerak erakusten ez dituztenak badira.
Funtzionamenduari dagokionez, jostailuak ematen dituen haurrak bono bat eskuratuko du, anai-arreben kasuan salbu, bakoitzari bana emango zaio eta.
Bale bakoitza beste jostailu bategatik aldatu ahal izango dute haurrek. Horretarako, azokan jostailuak atal ezberdinetan banatuko dira: adina, jostailu mota ... eta erakusketa bat egingo da, 11:00ak eta 12:00ak artean guztiek jostailuak aldez aurretik patxadaz ikus ditzaten.
Truke azoka hau 17:30ak arte egongo da martxan.
Udako planak
Bestalde, antolatzaileek jakin arazi digutenez, gurasoek Udaleku itxi eta irekien informazioa eskuratu dezakete jaialdian. Eta antolatzaileek aipatu digutenez, “Udako txokoetan eta kanpaldietan izena emateko epea irekiko dugu Amaraun jaialdian”.
Jaialdirako izena emateak
Haurrak bazkarian edo helduak ipuinen maratoian edo txokomerienda txokoan parte hartzeko izena eman behar dute.
Horretarako, Ludoteka edo Ttakun elkarteko bulegora hurbildu edo telefonoz, 943 371 448 zenbakira deitu behar dute. Era berean, jaialdiari buruz edozein zalantza ere eskainiko da.
Amaraun jaialdiko ekintzetan inskribatzeko azken eguna apirilaren 7a izango da. Mozorroen desfilean parte hartzeko, aldiz, egunean bertan izena eman ahalko da.