Ostiralean, Karlos Altuna Kirol zerbitzuetako arduradunak, Borja Mendioroz saioaren antolatzaileak, Jesus Zaballos alkateak eta Fernando Escoriaza zinegotziak egin zuten borroka jaialdiaren aurkezpena.
Larunbateko ikuskizunean, amateur mailako Euskadiko K-1 txapelketa eta kick boxing borrokak ikusi ahalko dira.
Txapelketan zortzi borrokalari lehiatuko dira: Daniel Perez, Marcos Ruiz, Alex Gayoso, Agostiño Fernandez, Iñigo Ezeizabarrean, Ander Jimenez, Giorgi Bazanov eta Kevin del Rio herritarra.
Kanporaketan oinarritutako ligaxka izango da eta jokoan Euskadiko txapeldunaren gerrikoa egongo da.
Txapelketaz gain, kick boxing borroka batzuk ere egongo dira. Hauetan azpimarragarriak dira, herriko Erik Valverdek Aitor Vilariñoren aurka izango duen borroka eta Europako txapeldun ohiak Mikel Rodriguezek Kantabriako Ivan Rojoren aurka izango duena.
Sarrerak
Jaialdiko sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira frontoian: 15 eurotako prezioa izango dute ring ondoko aulkiek eta 10 eurotakoa harmailetakoek.
Lortutako diruarekin Tarragonan egingo den Estatuko txapelketarako bidaia ordainduko zaie Gipuzkoako borrokalariei.
Michelingo frontoira sarrera ibai ondotik egingo dela jakin arazi zuten antolatzaileek eta gomendio bat ere egin zuten “jendea Euskotrenen etortzea edo Hipodromoko aparkalekuan autoa uztea”.