Batetik 20. urteurrenean egingo dituzten ekitaldien berri eman zuten; ondoren, euren eskuak kartel batzuetan margotu eta “Gure Ametsa 20 años de acciones” pankarta jarri zuten balkoian. Bukatzeko urtebetetze festa txiki bat egin zuten. Ez zen falta izan tarta, kandela, abesti eta edozein urtebetetzetako girorik.
20 urte 11 bertute
“2011, 20 urte 11 bertute” leloarekin urtean zehar 20 ekintza egingo ditu Gure Ametsak, ekitaldi bat urte bakoitzeko. Bi data garrantzitsuren artean burutuko da egitarau oparo hau. Batetik, apirilean hasi da, zerbitzua martxan jarri zenetik 20 urte bete direnean eta urritasun duten pertsonen egunean amaituko da, abenduaren 3an. Egun horretan jaialdi handi bat egingo dute, baina aurreko astean egunero egingo da ekintzaren bat.
Denetariko ekitaldiak daude egitarauan, besteak beste, LipDub-aren grabazioa, antzerkia, buruhandiak, futbola, artisautza, hitzaldiak, krosa, dardo txapelketa, ipuin kontalaria, argazki erakusketa, errezeten DVD-a, jolas egokituak, barreterapia, pelikula, trikipoteoa, abesti baten grabazioa, bazkari eta dantzaldia.
Ekintzak elkartearen programarekin lotuak izango dira, programaren helburuak landuko dituzte, alegia. Honekin batera herriko elkarteengana eta herritarrengana iristeko eta hauekin harremanak sendotzeko ere erabiliko dira urte honetako ekintzak. Gure Ametsako ordezkariek adierazi dutenez, ez dute ospakizunak egun bateko gauza izaterik nahi, "integrazioa ez baita egun batekoa. Saiatuko gara ahal dugun zabalkunde handiena izaten".
1991tik lanean
"Gure Ametsa" Kluba 1991. urtean sortu zen. Gizarte Etxeko lokaletan bildu ziren lehenengo aldiz senideak, erabiltzaile izan zitezkeen gazteak eta interesa zeukaten pertsonak, adimen urritasun arazoa zuten gazte hauen egoerari irtenbidea eta erantzun egokia emateko asmoarekin.
Lehenengo hitzordu horren ondorioz, bost begirale eta 15 gazte hasi ziren lanean apirilaren hasieran Gurutze Gorriko bolondresen laguntzarekin.
Dudarik gabe, hasierako proiektua sendotu egin da, 20 urte beranduago helburua berbera bada ere, 14 urtetik gorako gazte hauen aisialdirako beharrei erantzutea: “14 urtetik gorako gazteak dira eta beraien aisialdia beste gazteekin batera gozatu, lagunak egin, paseatzera joan eta batez ere ondo pasa nahi dute”.
Gaur egun hamar begirale, 15 gazte eta helburuak lortzen laguntzen dieten hamaika lagunek osatzen du "Kluba". Programan inguruaren eta esperientziaren eraginez aldaketak izan badira ere helburu berdinari eusten diote eta 20. urteurrena ospatzeko motibaturik dira: “XX. urteurrenaren ospakizunak espero dugu balio izatea bizitakoa gogoratzeko, beharrezko balioa emateko eta etorkizunari begira, erreferentzia bihurtzeko” diote Gure Ametsakoek.