Euskarari eta kirolari bultzadatxo bat emanez giro bikainean burutu zen atzo goizean Eneko Castro atletaren omenezko XIV. Euskal Krosa Atsobakar inguruan. Landaberri ikastolak urtero antolatzen duen euskal krosean 330 bat neska mutilek hartu zuen parte eta domina bana eraman zuten etxera. Jendetza bildu zen Atsobakarren txikienen ahalegina txalotzeko eta lasterkarien irudiak jasotzeko; horretan batez ere gurasoak nabarmendu ziren.
Urtero helburu eta izaera berbera du Krosak eta amaieran ez zen onenentzat saririk izan, sariak opari bihurtzen dira eta urtero euskal krosean.
Haurren artean lehiakortasuna baino, parte hartzea eta gozatzea bultzatu nahi dituzte antolatzaileek eta amaieran parte hartzaile guztien artean kirolarekin eta euskararekin lotutako opariak banatu ziren zozketa bidez.
Opari banaketan Eneko Castro zenaren ama izan zen Landaberri ikastolako antolatzaileekin batera. Aurten 14. aldiz Lasarteko atletaren oroimenez antolatu du krosa ikastolako Guraso Elkarteak.
Bataz beste 700 metro inguruko ibilbidea osatu zuten neska mutilek, adin bakoitzari zegokion erritmoan. Guztira adin ezberdinetako dozena bat lasterketa egin ziren erritmo lasaian, helburua haurrek kirola eginez gozatzea baita.
Eta gero guraso eta seme-alabek denek elkarrekin eman zioten zirkuituari azken itzulia, tropel ikusgarria osatuz.