Caja Laboral - Euskadiko Kutxa euskara sustatzeko prest

Txintxarri Aldizkaria 2011ko mar. 30a, 02:00

Buruntzaldeko Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Urnietako Udalek Euskadiko Kutxarekin euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena sinatu zuten asteartean.
Hitzarmen sinaketan Euskadiko Kutxako Buruntzaldeko zuzendaria den Iñaki Gaztelumendi, Petri Romero Andoaingo Udaleko euskara batzordeko lehendakaria, Bixente Arrizabalaga Astigarragako alkatea, Hernaniko euskara delegatua Idurre Lucas, Lasarte-Oriako euskara batzordeko lehendakaria Iñaki Mugika eta Mikel Izagirre Urnietako alkatea egon ziren.
“Usurbilgo herria ez dago hitzarmen honetan, baina UEMArekin sinatu genuen hitzarmenean dago. Beraz, Buruntzaldea osoarekin sinatu dugu konpromisoa,” azaldu zuen Euskadiko kutxako arduradunak

Konpromisoak

Gauzak honela, sinatzaileek hartzen duten konpromisoetako bat haien arteko harremanak euskaraz izan daitezen da. Honetaz gain, euskara ahalik eta esparru gehienetan erabiltzen saiatuko dira
Euskadiko Kutxak bere aldetik, udalerri hauetako bulegoetan euskararen presentzia areagotzen saiatuko da eta hori posible izan dadin bost eremuetan zenbait neurri hartuko ditu, hala nola, bezeroarekin duten harremanean, eskaintzen dituzten zerbitzuetan, langileen eremuan, kanpo komunikazioari dagokionean eta idatziko dokumentazioan.
Hitzarmenean jasotzen diren konpromiso horiek lau urterako dira eta eraginkorrak izan daitezen jarraipen-batzorde bat jarriko da martxan.