Bertsolaritzaren harrobia lantzen

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 31

Manuel Lekuona Kultur etxeko aretoa gaztez bete zen asteazkenean. Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako 5. eta 6. mailakoa eta DBHko ikasleek bertsoaz gozatzeko aukera aparta izan zuten.
Izan ere, Ttakun kultur elkarteak, Lasarte-Oriako bertso eskola eta Udalaren laguntzaz aurten ere XVIII. Bertso paper lehiaketa antolatu zuen eta asteazkenean izan zen sari banaketa.
Baina hau ez zen sari banaketa soila izan. Beñat Gaztelumendi eta Unai Muñoa bertsolariak bertan egon ziren eta haurrak lanean jarri zituzten.
Lehenik, librean agurra egin zieten gaztetxoei eta besteak beste, haiek klasea galtzegatik pozik zeudela aipatu zuten haien bertsoetan.
Jarraian, abestutako bertsoen errimak amaitu behar izan zituzten gaztetxoek eta geroago, bertsoak akatsak zituen edo ez erabaki txalo edo txistu eginaz.
Gainera, taulatik jaitsi eta haurren artean ibili ziren segidillak egiten. Muñoak abantaila izan zuen bertan zeuden haurretako batzuk haren ikasle baitira.

Sarituak

Bertsoak amaiturik, ekitaldiko momentu garrantzitsuena iritsi zen, saribanaketa.
Landaberri ikastola Lehen Hezkuntzako lehen saria Haizea Alvarezek eskuratu zuen eta aipamen berezia egin zioten Maialen Uriberen lanari.
Sasoeta-Zumaburu ikastetxeako lehen hezkuntzako ikasleen artean lehengo saria Amaia Arruabarrenak eraman zuen.
Bestalde DBHko ikasleen artean, Landaberri ikastolako Lierni Rekondo izan zen irabazlea eta Iñigo Otaegik aipamen bere izan zuen.
Sarituek Lasarte-Oriako Euskara zerbitzuko arduraduna Iñaki Arruti eta bi bertsolarien eskutik jaso zituzten haien opariak.
Eskuratutako sarien artean, Lasarte-Orian antolatuko den Gipuzkoako txapelketako saiorako bi sarrera daude.
Gainera, ekitaldia amaitu baino lehen, sarituetako batzuk haien bertsoa abestera ausartu ziren lagunen edo Unai Muñoaren laguntzaz.