Iritsi da Metroa! Postontzietaraino!!

pablo-barrio 2011ko apirilaren 1a

Aurreko astean, bai. Oriaraino bertan-bertaraino, ez dakit, baina herriko postontzi guztietara iritsi zen, bai. Metro-Metroa, e! Ez 100 zentimetro. Ez, ez, ez. Lur azpiko trena. Etxe guztietaraino. Hori, ezta Olentzerok ere ez du egiten. Nire etxera, behintzat, aspaldian ez da iristen Olentzero. Ahaztu egin da nitaz. Edo hala-moduzkotzat jotzen du nire txintxotasuna. Eskerrak instituzioak ez direla Olentzeroa eta kontutan hartzen nauten. Poztekoa da, aizu!
Bada, hori, paper satinatuko triptiko batean iritsi zen Metroa, kolore eta diseinu polit askoa. Jaurlaritza eta Udaleko bereizgarri nabarmenak agerian. Eta akabo hor nire poza. Ezen, horretarako badago dirurik. Triptiko horren kostuaren erdia ere jasotzen ez duten herriko taldeei diru-laguntzat igotzeko ez dago, baina horretarako badago. Hauteskundeei begira, ustezko informazio itxuran publizitatea egiteko badago.
Publizitate ez oso inteligentea, nire ustez. Izan ere, hain nabarmena da diru publikoaren erabilera partidista, ze, haien kalterako gertatuko da. Kontrako erreakzioa sortzen du eta.
Badakit ez direla lehenak horrela jokatzen, baina... Dena dela, okerragoa izan da Oreretan. Hemen, behintzat, segidan baina egun ezberdinetan banatu dute publizitate instituzionala eta alderdiarena. Oreretan egun berean biak. Merkeago horrela, noski. Erdibana ordainduta, ordea?
A! Eta ez dut esaten trena Oriaraino eramatea aztertu beharko ez denik, e!