Hitzarmen sinaketan Euskadiko Kutxako Buruntzaldeko zuzendaria den Iñaki Gaztelumendi, Petri Romero Andoaingo Udaleko euskara batzordeko lehendakaria, Bixente Arrizabalaga Astigarragako alkatea, Hernaniko euskara delegatua Idurre Lucas, Lasarte-Oriako euskara batzordeko lehendakaria Iñaki Mugika eta Mikel Izagirre Urnietako alkatea egon ziren.
Sinaketa ekitaldia hasi baino lehen, Euskadiko Kutxako ordezkariak ongi etorria egin zien udaletako ordezkariei eta “Usurbilgo herria ez dago hitzarmen honetan, baina UEMArekin sinatu genuen hitzarmenean dago. Beraz, Buruntzaldea osoarekin sinatu dugu konpromisoa,” azaldu zuen.
Jarraian, Iñaki Mujika eta Mikel Izagirrek hitz batzuk esan zituzten.
Urnietako alkateak, Buruntzaldeko udalen euskararen aldeko lana aipatu eta udalek konpartitzen dituzten lan-lerroen artean, enpresa-alorra dela eta bereziki herritarrei zerbitzu zuzena ematen dien enpresak direla gogoratu zuen.
Bestalde, Iñaki Mujikak “bai administrazioetatik, bai enpresetatik, euskara gure tresna naturala izan dadin, bai gure erakundeetako lan-hizkuntza izan dadin, bai gure erakundeek herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuetako hizkuntza ere izan dadin,” adierazi zuen.
Konpromisoak
Gauzak honela, sinatzaileek hartzen duten konpromisoetako bat haien arteko harremanak euskaraz izan daitezen da. Honetaz gain, euskara ahalik eta esparru gehienetan erabiltzen saiatuko dira
Euskadiko Kutxak bere aldetik, udalerri hauetako bulegoetan euskararen presentzia areagotzen saiatuko da eta hori posible izan dadin bost eremuetan zenbait neurri hartuko ditu, hala nola, bezeroarekin duten harremanean, eskaintzen dituzten zerbitzuetan, langileen eremuan, kanpo komunikazioari dagokionean eta idatziko dokumentazioan.
Hitzarmenean jasotzen diren konpromiso horiek lau urterako dira eta eraginkorrak izan daitezen jarraipen-batzorde bat jarriko da martxan.