Apirilaren 5a arte Shandra Perez Lucero herriko artistaren obrak ikusteko aukera egongo da Jalgin. Bere barneko sentimenduak bere obran islatu ditu, artista hau hurbiletik ezagutu nahi baduzu ez galdu aukera. Gu berarekin bildu gara bere artea hobeto ulertzeko.
Zer arte tipoa da zurea?
Momentuan bertan sortzen dena. Nik ez dut bilatzen, bera da ni bilatzen nauena.
Non aurkitzen duzu inspirazioa margotzen hasteko?
Nigan. Nire sentimenduetan, nire beharretan. Aipatu bezala nik ez dut koadrorik egiten, koadroa bera da sortu nahi duena eta nik hori irudikatzen dut. Buruan daukan hori islatzen dut nire koadroetan. Nire liberazio eta gainditze oihua dira nire koadroak.
Jalgiko erakusketak ildo zehatz bat jarraitzen du?
Nigan oinarrituta dago, nire obra gehiena bezala. Pasatzen edo sentitzen ditudan gauzak izango dira ikusiko dituzuenak. Nire bizitzako momentu ezberdinak.
Hori ez al da errepikakorra?
Beti gai beraren inguruan margotu arren, koadro guztiak euren artean oso ezberdinak direla konturatzen naiz, sortzen dudan momentukoa. Gainera koloreekin, espresioekin asko jolasten dut, oso perfekzionista naiz.
Jalgiko erakusketa zure bizitzako ze faseari dagokio?
Azken faseari, femeninoenari. Erakusketara hurbiltzen direnei aholku bat eman nahi diet. Koadroen parean jar daitezela, burua garbi utzi eta koadroak duen horri guztiari bidea irekita. Koadroak hitz egingo die, nahi duen hori erakutsiko die.
Zer transmititu nahi duzu zure koadroekin?
Jendeak nire koadro baten aurrean dagoenean jartzen duen espresioa begiratzea gustatzen zait, nire arteak hunkitu duen ala ez jakiteko. Ni publiko aurrean biluztu egiten naiz, nire barnealdea erakutsiz.
Zenbat denbora pasa dezakezu koadro batekin?
Depende. Koadro bat bi ordutan sortu dezaket eta beste bat hilabete batzuen buruan. Margotzen hasi naiteke baina gero denborarekin perfekzionatzen noa, koadroari eboluzionatzeko aukera emanez. Gainera eboluzio hori argazkien bitartez ikusten dut.
Publikoari nahi duzun hori erakustea lortzen duzu?
Ezagutzen nauen publikoak badaki zein den nire lana, jarraitzen dudan ildoa ezagutzen dute. Gainera kuriosoa badirudi ere, publiko horrek nire lanik ikusten badu, nahiz nire sinadura ez eraman, badaki nire obra dela.
Eta hori lorpen handia da artista batentzako, zure obra ezagutaraztea lortu duzulako.
Zein teknika erabiltzen duzu?
Momentua eta koadroaren arabera. Azken honek esaten dit zer nahi duen. Ikatz-ziri, tinta, oleoa, akrilikoa, akuarela... erabiltzen ditut margotzeko, marrazteko edota txiste grafikoak egiteko ere.
Erretratuak, paisaiak...
Kopiatzaile izan nintzen nire hastapenetan eta aspergarria iruditzen zitzaidan. Nik nahiago dut etortzen zaidana margotzea, hala ere oso zaila da ezerezetik zerbait sortzea.
Garatuta sentitzeko artista batek imajinazioan duena margotu behar du, eta imajinatzen duen hori kanporatzaile zaila da baina ez ezinezkoa.
Hobby bezala daukazu?
Hobby bat baino gehiago da, behar bat da. Margotzearen bitartez liberatu egiten naiz, nire adierazpen modua da.
Koadroak salgai daude?
Koadroak salgai daude, eta prezioa koadroaren araberakoa da. Nik ideia baloratzen dut, koadro guztiak originalak eta bakarrak dira munduan.
Norbaitek interesa balu erosteko Jalgiko barran dagoenari galdetzea baino ez du, edo bestela shandrapl@hotmail.com emailean nirekin harremanetan jarri daiteke.
Sortu dituzun koadroetatik zein duzu gustukoena?
Eskuinean agertzen zaigun koadro hori, eta Jalgin ikusgai dagoena, Mujer que mira abajo. Tristezia eta bakardadearen isla da, nik momentu batean sentitu nuena irudikatu nuen koadro horretan.
Honetaz bizi daiteke?
Oso zaila da margoaz bizi ahal izateko. Gustatuko litzaidake, bai, baina oso zaila da, hala ere ez da ezinezkoa. Nik momentuz ezin dut eta horregatik margotzeaz gain beste lan bat daukat.
Margoarekin zerikusia duten materialak oso garestiak dira, baina gustukoa eta behar dudanez ez zait inporta. Nire barnea azaleratzeko margotzen jarraituko dut.