Markak hausten segitzen dute igerilariek

Txintxarri Aldizkaria 2011ko apirilaren 1a

Buruntzaldea Igeriketa taldeko gazteak txapelketaz txapelketa ibili dira azken bi asteetan.
Martxoaren 19 eta 20an, Euskal Herriko Neguko txapelketa eta Espainiako infantil mailakoan egon ziren; lehengo astean, berriz, udako errendimenduko lehen trofeoa izan zuten eta txikienek kirol zehaztasun liga.

Euskal Herriko txapelketa

Honela, aipatu bezala, martxoaren 19 eta 20an, Euskal Herriko Junior, Promesa eta absolutuen mailako Neguko txapelketa ospatu zen Getxon.
Bertan lan bikaina egin zuten Igeriketa taldeko gazteek, aipagarriena, Haitz Mixelena izan zela adierazi du Borja Apeztegia entrenatzaileak. Izan ere, Mitxelenak 50 eta 100 tximeleta probetan bere markak hautsi ondoren, 200 tximeletan Espainiako txapelketarako gutxiengo marka egin zuen.
Gainera, junior mailako Euskal Herriko txapeldun orde titulua eta absolutu mailan, brontzezko domina eskuratu zuen igerilariak.
Txapelketa honetan, gainera, Naroa Gokoetxeak 50 metro bular proban bere marka 37 segunduetan jarri eta 4. postua eskuratu zuen.

Udako lehen txapelketa

Lehengo larunbatean martxoaren 26an, berriz, udako lehen trofeoa ospatu zen Donostian eta emaitza bikainak lortu zituzten taldeko igerilariek.
Alde batetik Itsaso Tolosak 100 bizkar eta 200 bizkar probetan Estatuko gutxiengo marka eskuratu zituen eta Iñigo Ibarburuk 50 libre proban.
Gainera, sailkapen nagusian, Itsaso hirugarren izan zen eta Iñigo berriz, bigarren.
Gauzak honela, biak egongo dira Valladoliden abuztuan egingo den Estatuko Udako txapelketan.
Honetaz gain, taldekideek zortzi marka pertsonal hautsi zituzten. “Udako zikloa hasi besterik ez dugu egin eta igerilariak horren forma onean daudela ikusteak sekulako poza eta ilusioa ematen digu,” adierazi du entrenatzaileak.

Espainiako txapelketa

Bestalde, martxoaren 18 eta 19an, Iñigo Ibarburu Sabadellen egon zen Espainiako Neguko infantil mailako txapelketan.
Bere estreineko aldia zen eta bi probatan parte hartu zuen herriko gazteak.
100 libre proban 10. amaitu zuen Iñigok. ”Ez zuen bere marka onena egin baina Euskadiko txapelketan egindakoa hobetu du. Gutxieneko marka berriro ere egitea zen helburua eta horixe egin zuen,” azaldu du Apeztegia entrenatzaileak.
100 tximeleta proban, aldiz, indartsu ibili eta bere marka hobetzea lortu zuen, txapelketako 8. marka eginez.

Kirol Zehaztasun Liga

Era berean, lehengo larunbatean, herriko kiroldegian, Buruntzaldea igeriketa taldeko txikienek Kirol Zehaztasuneko 4. jardunaldia izan zuten.
“Haurrak pixkanaka lau estiloak menperatzea lortzen ari direla ikusi genuen” adierazi du Borja Apeztegiak.
Honela, txikienek 25 metro tximeleta eta 6x25 proban lan ona egin zutela jakin arazi du, baita 2002 urteko gaztetxoek ere.
2001 urtekoek, 50 metro tximeleta proba izan zuten eta aipagarria izan zen, nesketan Nahia Jieren lehenengo postua.
Erreleboetan, 6x25 bular proban, Buruntzaldeako bi talde izan ziren lehenengo postuetan.
Honetaz gain, lehen urteko alebinek 100 tximeleta eta 100 estiloak probetan parte hartu zuten.
Eta zaharrenetan igerilari bakarra egon zen, Mikel Soto. Honek, 50 tximeleta proba indartsu egin zuen eta 400 libreetan, aldiz, mantsoago ibili zen.