Proba apirilaren 10ean egingo da eta ohi den bezala, Andatza eta Buruntza mendietan barrena egingo dute lasterka txirrindulariek.
Ibilbidea
Gainera antolatzaileek azaldu digutenez. Aurtengo BTTak aldaketa batzuk dakartza.
Lehenengoa irteera eta helmuga puntua da. Hirugarren edizio honetan Loidi-Barreneko pilotaleku ondoan egongo da.
Bigarren aldaketa ibilbidea da. Goizeko kiroldegi ondotik 9:00etan atera eta bi ibilbide egiteko aukera dago, bata motza 28km dituena eta bestea, 38 kilometrotakoa.
Ibilbide motza aukeratzen dutenek, Andatza mendira egingo dute eta bertan mendi pistetatik igoko dira eta hortik Lasartera egingo dute buelta. Antolatzaileek azaldu digutenez, “ibilbidea lasaiagoa da eta ez da prestakuntza berezirik behar hau egiteko”.
Bestalde, 38 kilometroko luzerako bidea aukeratzen dutenek, Andatza eta Buruntza igo beharko dituzte.
Bigarren aukera honetan, “ibilbide teknikoagoa da eta puntu batzuetan txirrindutik jaitsi beharko dira parte hartzaileak,” azaldu digute.
Gainera, ibilbide hau aukeratzen duten partehartzaileak prestatuak egon behar direla ere aipatu digute. Izan ere, "lokatza egonez gero, gogorra izango da."
Indarrak berreskuratu
Ibilbidean zehar bi gune antolatu dituzte jan eta edatekoekin, bata Andatzan eta bestea Azkorten.
Proba bukaeran ere, nekea eta botatako izerdiak ahazteko jakiak eta edariak egongo dira partehartzaileen eskura.
Honetaz gain, partaide guztiek opariak izango dituzte, probako kamiseta eta sagardo botila bat, eta proba bukatutakoan opari desberdinen zozketa egingo da.
Izena-ematea
Izen-ematea Internetez bidez egin daiteke apirilaren 8a, ostiralera arte eta 12 euro ordainduko dira.
“Ehun bat pertsonek eman dute izena dagoeneko Internet bidez, baina gehiago espero ditugu. Izan ere, azken astean animatu ohi dira gehienak” aipatu dute.
Egunean izena eman ahalko da, goizeko 8:00etatik 8:30era, baldin eta Interneteko inskripzioarekin ez bada bete. Orduan, 15 euro ordaindu beharko dituzte interesatuek.
Honetaz gain, antolatzaileek jakin arazten dute, parte-hartzea 300 txirrindularira mugatua dela eta, era berean, proban parte hartzeko 16 urte baino gehiago izan behar direla gogoratzen dute.
Informazio gehiagorako, inskripzioaren baldintzak, kuotak eta lasterkariaren programak edo izena-emateko formularioa www.saiatuz.com web gunean aurkituko dituzte interesatuek.