Sakabanaketaren ondorioak latzak direla kontatu digute herriko presoen senideek: Mila Insausti, Mitxel Turrientes-en emazteak, Txurdo, Kepa Rezabal-en anaiak, Poloni Otxandorena, Ina Orotegiren amak, Mikel, Niko Franciscoren anaiak eta Jone, Juankar Balerdiren arrebak.
Preso hauek, epaileek jarri zioten zigorra beteta dute baina Parot dotrina aplikatu zaie eta jarrita daukaten helegitea aurrera ateratzen ez bada kartzelan egon beharko dute 30 urte bete arte, (zigor kodearen arabera preso batek izan dezakeen kartzela aldirik luzeena). Beraz presoen senideek arau hori salatu nahi dute "beranduegi baino lehen euskal preso politikoak kalera" leloa duen kanpainaren bidez, euren ustez, "benetan bizi osorako kartzela zigorra dakarkielako presoei". Horrela esaten diote senideek presoen egungo egoerari, “bizi arteko kartzela zigorra”.
Tortura salaketak
Ina Orotegi, Kepa Rezabal eta Mitxel Turrientes 1986ko gabonetan atxilotu zituzten, 25 urte beteko dira datorren abenduaren 28an, eta Poloni Otxandorena Inaren amak ez du une hura gogoratu ere egin nahi: "Oraintxe bertan astindu bat eman dit gorputzak". Txurdo Kepa Rezabalen anaiak hitza hartu eta zera esan digu: "Betiko gauzak oroitzen ditugu. Guardia Zibilak atxilotu zituela, torturatuak izan zirela Antiguon eta Intxaurrondon. Bost egun egon ziren polizien esku eta beren buruen erruduntasun aitortzak egin zituzten, euren buruaren aurkako aitorpenak alegia. Gero, nolabait esatearren, lasaitu ederra hartu zuten "infernutik" atera eta Karabantxelgo kartzelara eraman zituztenean. Ordutik hainbeste kartzela ezagutu dituzte, Alacala-Meco eta Karabantxel lehen urteetan eta 1989tik aurrera, sakabanaketa politika hasi zutenetik, pila bat".
Sakabanaketa bortitza
Lasarte-Oriako presoen artean batzuek urte gehienak, Herrera de la Manchako espetxean pasa dituzte, adibidez, Niko, Mitxel eta Inak, hau, orain Galizian daukaten arren.
Beste batzuek, alde batetik bestera ibili dituzte. Txurdi adibidez, Herrera, Alcala, Jerez, Figueras, Tenerife, (urte bat irletan), Zamora, Salamanca, eta orain urte mordoxka Monterroxon, Lugon. "Azken sei urteak, hain zuzen kartzela berean, aldatu gabe, pasa duen denbora gehiena" kontatu digu bere anaiak. Nico Francisco, Frantzian egon zen preso, kartzela ezberdinetan, eta gero Madril inguruan, Carabanchelen, Alcalan eta Herreran kartzelaldirik luzeena.
Juancar Balerdi besteak bezala, Madril inguruan izan zen aurrena, Carabanchel, Alcala, Herrera de la Mancha, eta handik Ocañara eraman zuten, han bost urte egon zen, eta gero hasi zuen ibilbide luzea Andaluzian: Sevilla, Puerto de Santamaria, Almerian pasa zituen 13 urte eta iaztik Jaenen da. Ustez Asturias aldera zihoan, Villabonako kartzelara baina hobeto pentsatu zuten eta Jaen-en utzi”, bere arrebak kontatu digunez.
Senideen heriotza
Lasarte-Orian, preso politikoek eta hauen senideek pasatutako zorigaitzeko uneen artean unerik gordin eta latzenak, Juankar Balerdiren amaren eta anaiaren heriotza izan ziren.
Horregatik Jone Balerdi bere arrebarentzat bereziki gogorrak dira sakabanaketa eta bere ondorio latzak: "Bi senide bidean gelditu ziren, bizitza errepidean galdu zuten. 25 urtetan zenbait auto istripu izan ditugu, amak zoritxarreko istripuan hil aurretik izan zuen beste bat, eta ondoren koinatak ere izan du istripua. Galera ekonomikoa hor dago, baina errepidea hartzen dugun bakoitzean gure bizitzak arriskuan daude, eta ez ditugu 100 kilometro soil egiten, milaka kilometro egiten ditugu senidea bisitatzera joaten garen aldi bakoitzean. Denok pasa gara hortik, guraso, anai-arreba, beste senide eta lagunak. Gure kasuan, aitak 83 urte beteko ditu laster eta urtebetean ez du semea ikusi ezin duelako Jaenera joan. Almerian zegoenean joaten zen aireportua kartzelatik hiru kilometrora dagoelako, baina orain Jaendik hurbilen dagoen aireportua, Granadakoa, ordubetera dago. Berak joan nahi du, baina, duen adin eta osasun egoerarekin ezin du“.
Txurdo Rezabalen iritziz, "desgaste handia da sakabanaketa: ekonomia aldetik hondamendi edo galbidea da, (ez da hori agian garrantzitsuena, baina garrantzitsua bai) eta gogorra da mentalki, emozionalki eta fisikoki senideentzat. Kartzeletako alukeri-maltzurkeri txikien aurrean ezer egiteko ezintasun eta miña sentitzen dute”. Txurdok adibidez lagunen bisitak aipatu ditu: Garai batean presoak ikusteko baimena zuten lagunen zerrendan 30 inguru ziren. “Duela urte batzuk 10 lagunera mugatu zuten, argi eta garbi, presoak isolatzeko eta kanpoarekiko komunikatzeko murrizteko helburuarekin. Ulertu daiteke bisitak ordu jakin batzuetan izan behar direla, kartzelako sistema ordenatu beharra dutelako, baina bisitak urritzeak ez du beste helbururik: presoen bizitza zaildu eta izorratzea”.
Beste bidegabekeria berri bat funtzionarioen miaketak dira, eta ondorioz azken urtean ez dute senideek bis a bis edo aurrez aurreko bisitarik izan, senideek azaldu dutenez, “ez ditugulako miaketa zorrotzak onartu”.
Bisitatan, lagunen kopurua murrizteko edo miaketak ugaritzeko orduan ez da arrazoi objektiborik izan, Jone Balerdiren iritziz, “ez da argudio eta arrazoirik, eurak ere ez dakite nondik etorri den agindu hori. Ez da zergati argirik. Presoen zigorrari gehitzen zaien beste zigorretako bat da”.
Salaketak asko dira: bisiten txanda bakoitzean aurrez aurreko bisita bat jartzen dute eta banan banan pasa behar dutenez egun osoa egon behar dute kartzelan zain. Edota, egun desberdinetan jartzen dizkiete euskal presoei bisitak, senideek elkarrekin joateko modurik izan ez dezaten.
Bisitei jarritako zailtasunez gain, presoen isolamendua beste bide batzuetatik ere lantzen omen dute kartzelatako agintariek: Balerdiren senideek salatu dutenez, “preso bat ikusten du patiora ateratzen denean, beste inor ez du ikusten, ia erabat isolatua daukate. Hamabost preso euskaldun izango dira bertan baina ez dute elkar ikusten. Kartzelan bakar bakarrik daude”.
Hainbeste urtean kartzelan izatearen beste ondorio bat galera fisikoa da. “Jainkoari eskerrak, arazoak ez doaz okerrera, baina egon dira arazo fisiko larrien hainbat kasu, medikuen geldotasun, zabarkeria edo arretarik ezaren ondorioz”, Rezabalen ustez. Jone Balerdik aldiz, muturreko ondorioak ere izaten direla adierazi digu, bere buruaz beste egin duten presoak edo bihotzekoak jota, ziegan bertan bizia galdu dutenak. “Denek zekiten gaizki zeudela baina ez zuten behar zuten tratamendu egokirik jaso”.
Kartzelan jatekoarekin negozioa egiten dutela ere argi dute senideek, batetik janari txar txarra eman eta hori ordezkatzeko jakiak, fruta... supermerkatuan saldu.
Senideen salaketak asko dira, galera edo atzera pausuak ere urte hauetan beste hainbat izan dira eta: azkena, ikasketak burutzeko dituzten zailtasunak. Garai batean UNEDaren bidez euskaraz ikasteko aukera zuten, baina hori ere mugatu zieten, derrigorrez Madrileko UNEDean matrikulatu behar baitzuten.
Kartzeletako agintarien joko zikina ere salatu dute senideek: “paperak ematen dizkiete egindakoaz damutu daitezen eta barkamena eskatu dezaten. Firmatzen dutenak hurbilago dauden kartzelatara ekartzen dituzte. Besteak urrundu. Joko horretan dihardute”.
Poloni Otxandorenak bere semearen kasu konkretua kontatu digu: behin semeak deitu zion telefonoz, “hau ez da kartzela, hau hotela da”, esanaz: Jakuzzia, piztina, gimnasioa, ziegan bertan dutxa, telefonoa,... bi hilabete ondoren deitu zion jada aldatu zutela "bainuetxetik". Baina bitartean funtzionarioak papera eramaten zion sinatu zezan. Modulo batzuek baldintza onetan dituzte, beste batzuk oso kaxkarretan eta horrekin jokatzen dute. “Gure senideek 20 urteak pasa dituzte lehen graduan, hau da, kartzeletako onura eta eskubiderik izateko aukerarik gabe”.
Txantaje emozionala ere erabiltzen omen dute: "zure amatxo gaixoa, nolatan etorrarazten diozu honaino...".
Parot dotrina
Parot doktrinaren kolpe latza lasterketa batekin konparatu du Txurdo Rezabalek: Korrikalari bati Behobia-Donostian bulebarrera iristear dela "Tolosaraino jarraitu behar duzu" esatea bezalakoa da hori. Hor bukatzeko indarra besterik ez izan, eta beste 20 kilometro eransten badizkizute... “Irteera data jarrita zuten presoek, hanka bat kanpoan zuten, eta barruan daude. Unai Parot-i luzatu zioten zigorra eta ohartu ziren sekulako mauka zutela prozesu politikoa baldintzatzeko eta hainbat arlotan eragiteko. Heldu egingo diegu, lotu. Hasieran bospasei ziren, baina jada badira 60 preso baino gehiago egoera honetan, bahiturik, eta laster ehun baino gehiago izango dira. Debate politikoan eragiteko dribling laburra zena bola handi bat bihurtu da eta ikusiko da zein irtenbide izango duen” adierazi digu Txurdo Rezabalek.
Gatza, Jaen-en, Juan Carlos Balerdirekin batera dagoen presoa, 30 urte beteta aterako da kartzelatik. Eta antzeko egoeran daude beste batzuek. Jone Balerdiren ustez, “argi dago, preso hauek bahiturik badauzkate, zerbait lortzeko dela eta lortu arte edukiko dituztela”.
ETAren su eten garaian presoen egoera hobetuko ote den ez dute senideek argi. Rezabalek salatu duenez, “betebehar legala dena, kontzesio politiko bihurtuko dute. Euren legedia beteko balute, baldintzapeko askatasunaren kalean egon beharko lukete presoek, baina kaleratzea kontzesio bezala aurkeztuko dute”. Dena den beste senideen ustez, “hori ikusi arte ez dut sinetsiko. Ez dut jada ezer sinesten”.
Rezabalen ustez, harrigarria da presoen kolektiboak daukan patxada, sosegua eta lasaitasuna izatea, eskubideen murrizketak hain sakonak izanik. “20 urte horrela eta ontzat jotzen dute. Preso politikoak ez baldin badira, preso sozialen tratamendua jaso beharko lukete, baina hori ere ez”.
Eskaera Udalari
Bidegabekeria guzti hauen aurrean, gogor ari dira presoen lagun eta senideak: Gabonetan hasi zuten kanpainari eusten diote, batetik sakabanaketa salatzeko eta Lasarteko sei presok 20 urte baino gehiago kartzelan bete dituztela gogoratzeko.
Udaletxean aurkeztutako proposamenak ahalik eta babes handiena izateko beste alderdi politiko eta herriko elkarteekin hartu emanetan jarri dira. Udalari eskatuko zaio, informatu dadila herriko presoen egoeraz, hauen senideek 20 urteotan sufritu duten egoeraz bat egiteko eta Audientzi Nazionala eskatzeko Parot doktrina deiturikoa eteteko: praktikan bizi osorako espetxe zigorra dena bertan behera utz dezan