Librean aritu ziren aurrena gai ezberdinak jorratuz. Ofiziotan gai xelebreak entzun ahal izan ziren. Euskal Herriko bertsolari txapelketako txapel gaia jorratu zuten eta lortzeko aholku bila aritu ziren. Tabakoaren kontrako legeak ere presentzia izan zuen euren arteko bertso-solasaldian.
Orain puri-purian dagoen beste gaia, Erraustegia ere agertu zen Arrieskalletako bertso-saioan. Eta nola ez, Ana Urchueguia eta Somotoko ustezko irregulartasunei bertso batzuk eskaini zizkieten bi maisu hauek.
Hau bertso-saioko lehenengo zatian, bigarrenean Unai Muñoa gai jartzaile ibili zen. Bigarren zati honetan ere Amuritzak Xalbador, Pello Errota, Lazkao Txiki, Basarri eta Uztapide bertsolari bikainen bertso zaharrak ekarri zituen. Entzuteko ikuskizun polita izan zen bertso-saio amaiera honetan.
Egaña, maixu
Bestalde, Ttakun elkarteko bertso eskolak Gipuzkoako Txapelketaren prestaketarekin segitzen du.
Aurreko ostegun eta ostiralean bertso eskola berezia jaso zuten herriko bertsolariek, kultur etxean. Andoni Egaña txapeldun ohia izan zuten irakasle eta maixu. Bi egunetan hogei bat lagun elkartu ziren Egañaren hitzaldia entzuteko, bi entrenamendu saioak irekiak izan ziren eta.
Txapelketako saio batera zein jarrera eraman behar den edota nola prestatu daitekeen erakusten aritu zen. Andoni Egañak kantuan jarri zituen bertso eskolako partaideak, nagusiki praktikoa izan baitzen saioa.
Jakina da Lasarte-Oriako Bertso Eskolan ari diren zortzi bertsolarik parte hartuko dutela maiatzean hasi eta abenduan bukatuko den Gipuzkoako Txapelketan: Zigor Iriondo, Andoni Otamendi, Unai Muñoa eta Ane Labaka herritarrak, eta beste lau bertsolari gazte Beñat Iguaran, amasarrak, Asier Azpiroz zubietarrak, Unai Gaztelumendi añorgatarrak, eta Oier Iurramendi hernaniarrak.
Lehen fasea maiatza eta ekaina hasieran jokatuko da eta irailean jarraituko du gero. Bitartean, prestaketa garaia.