Maiatzaren 2an hasi eta ekainaren 24a bitartean gustu guztietarako ikastaroak izango dira Manuel Lekuona Kultur Etxean.
Jokatzen ikasteko
Maiatzaren 2an hasi eta ekainaren 20a bitartean, astelehen guztietan Zisterra eta tenplarioen jokoetan zein pokerrean jokatzen ikasteko aukera eskaini nahi dute udaleko Gazte saileko arduradunek. Ikastaroak arratsaldeko 19:00etan hasi eta bi orduko iraupena izango dute.
Irudia zaindu
Maiatzaren 3an hasi eta ekainaren 21era bitartean batuka dantzan hasteko eta autoestilimoa lantzeko ikastaroak egingo dira.
Autoestilismo ikastaroa arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta 21:00etan amaitu; batuka, aldiz, 20:00etan hasi eta 21:15ean amaituko da.
Ikasten jarraitu
Asteazkenetan, maiatzaren 4tik hasita ekialdeko dantzetan hasteko aukera ere eskaintzen dute. Beraz, arratsaldeko 16:30ean hasita eta 18:00ak bitartean dantza berriak probatzeko aukera egongo da.
Arratsaldeko 19:30etik aurrera, aldiz, josketa-konponketa ikastaroa egingo da.
Denentzako tokia
Maiatzaren 5ean hasita, ostegunero dantza urbanoak (hip-hop) ikasteko aukera egongo da kultur etxean arratsaldeko 20:00etatik 21:15ak bitartean.
Era berean, txotxongilo ikastaroak ere izango ditugu ostegunetan. Hau arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta 21:00etan amaitu.
Astea ondo amaituz
Lan astea ondo amaitzeko ostiralean ere bi ikastaro antolatu ditu Udaleko gazte sailak.
Arratsaldeko 19:00ak eta 21:00ak bitartean trebetasun sozialen ikastaroan parte hartzeko aukera egongo da, eta 20:00etatik 21:15era, aldiz, areto dantzen txanda izango da.
Ikasle kopuru mugatua
Apirilaren 20ra bitartean gazteentzako informazio bulegoan izena emateko aukera izango dute 14 urtetik gorako guztiek.
Ikastaro bakoitzaren prezioa 23 eurotakoa izango da herrian erroldatuentzat eta erroldatu gabeentzat 40,50 eurokoa.
Mugitu zaitez, ikastaro guztiek ikasle kopuru mugatua dute eta. •