Marco Ruizek eskuratu zuen K-1 gerrikoa

Txintxarri Aldizkaria 2011ko apirilaren 4a

Euskadiko K-1 txapelketa ospatu zen larunbatean Lasarte-Orian. Michelingo Frontoian, arratsaldeko 18:00etan eman zitzaien hasiera borrokei. Bigarren aldia da K-1 eta Kick Boxing borrokak herrian antolatzen direla.
Amateur mailako Euskadiko K-1 txapelketa eta Kick Boxing borrokak ikusteko parada egon zen larunbatean herrian. Sei K-1 modalitateko borrokalari lehiatu ziren txapelketa honetan.
Marco Ruiz, Moumen, Agostiño Fernandez, Leo Berraute, Jazin, Abel Rodriguez eta Julen Roman gogor lehiatu ziren euren artean. Lehenengo hiruak bakarrik lehiatu ziren Euskadi mailan K-1eko txapela eskuratzeko. Hasieran aurreikusiak zeuden beste 5 lehiakidek huts egin zuten lesioen ondorioz.

Kostata, baina garaile

Lehenengo saioan Marco Ruiz eta Moumen lehiatu ziren. Ruizek lortu zuen finalerako pasea Moumeneri gibelean jo eta gero KO utzita. Agostiño Fernandez zuzenean finalera jo zuen eta bertan Marco Ruiz aurkaria aurkitu zuen. Borroka lehiatua izan zen, baina Marcok eskuratu zuen K-1 txapelketako gerrikoa kolpe zuzen batez aurkaria ezin altxatu utzi eta gero.
Marco Ruiz izan zen beraz garailea eta Jesus Zaballos herriko alkatearen eskutik K-1 Euskadi mailan txapeldun egiten duen gerrikoa eskuratu zuen.

Kick Boxing-aren txanda

Euskadiko K-1 txapelketaz gain, Kick Boxing borrokak ere ikusteko parada izan zen larunbatean.
Kick Boxing erakustaldiekin eman zitzaien hasiera arratsalde borrokatuari. Bertan herrikoa den Erik Valverde Aitor Vilariñoren aurka lehiatzen ikusi genuen. Azkenean, Vilariñok puntu gehiago eskuratu eta irabazle atera zen.
Europako txapeldun ohia den Mikel Rodriguez ere Josu Goienetxeren aurka ikusi genuen gogor borrokatzen. Azkenean, Europako txapeldun ohia irabazle atera zen bi erasoaldietan.
Ehun bat lagun bildu ziren Michelingo frontoian txapelketa hurbiletik ikusteko. Giro ederra eta bizia izan zen.

Sarreren diruarekin bidaia

Sarreren prezioaren bitartez eskuratutako diruarekin Tarragonan ospatuko den Estatuko txapelketarako bidaia ordainduko zaie Gipuzkoako borrokalariek.