Lasarte-Oriako zuhaitzak ezagutzen Oinatzen eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2011ko apirilaren 5a

Oinatz taldeak gure herriak duen aberastasuna erakusten jarraitzeko asmoa du.
Aurreko txangoan, Lasarte-Oriako mugak eta hainbat txokoren historia eta kondairak ezagutzeko aukera izan zuten taldearekin batera ibilbidea egin zuten herritarrek.
Oraingoan, herriak duen zuhaitz aberastasuna ezagutu ahalko dute interesatuak daudenak, Lasarte-Oriako zuhaitzak izeneko ibilbidea antolatu baitute Oinatz taldeko lagunek.
Honetan, herriko zuhaitz motak eta familiak erakusteaz gain, zuhaitz eta zuhaixka tarteko desberdintasunak, hauek izan ditzaketen gaitzak, etab. izango dira mintzagai.
Era berean, ibilbidean zehar, zuhaitzen hostoak bilduko dira eta haien bidez zuhaitzak desberdintzen ikasiko dute.

Ibilbidea

Dorre parkea, Parapeto ondoko parkea, Kotxeras eta Arranbide auzo ingurua, Udal negutegia, Plazaolako bidea, Martin Berasategi eta Goiegi jatetxe inguruak eta Atsobakar auzoko hainbat eremu izango dira zuhaitzen ibilbide honetan bisitatuko direnak. “Denbora ematen badu, Villa Mirentxu ondoko parkeko zuhaitzak ere aztertuko ditugu,” aipatu dute antolatzaileek.
Honela, Oinatz taldeak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu irteeran parte hartzera.
Apirilaren 10ean, igandea, goizeko 09:00etan, Jalgi taberna parean, emango zaio hasiera Lasarte-Oriaren zuhaitzak ezagutzeko aitzakiaz taldeak antolatu duen ibilbideari. Goizeko irteera izango da hau eta eguerdi aldera etxera buelta egingo da
Aurreko irteeran bezala, hau doan izango da eta ez da izena eman beharrik izango