Ordudanik, ehiza eta arrantzarekin zerikusia duten ekintzak egiteaz gain, jaiekin harremana duten hainbat ekimenetan ere parte hartu dute, hala nola, herriko danborradan. Basaundi auzoko jaiak San Ignazioak berpizten saiatu ziren eta Garagardo festa, Calçot jana edo Barrikoteak ere antolatu ditu.
Ospakizunak
Hain urteurren borobila ospatzeko hainbat ekintza antolatu nahi ditu Buruntz-Azpi elkarteko zuzendaritzak iraila bitartean.
Gauzak honela, zuzendaritzak jakin arazi duenez, elkarteak San Pedroetan Danborrada Buruntz-Azpi elkartetik ateratzeko eskaera egin dio danborradako batzordeari.
Honetaz gain, Mus eta Tute txapelketarekin hasiko dira uda aurretik.
Eta aipatu dutenez, zerbait berezia antolatuko dute ehiza eta arrantza sailekin udarari begira.
Jai handia
Hala ere, haiek aipatu duten bezala, irailean izango da jai handia. Izan ere, arestian aipatu bezala, irailaren 1ean eratu baitzen Basaundi auzoko elkartea.
Hilabete honetako lehenengo edo bigarren larunbatean izango da hori.
Honela, goizean zehar hainbat ekimen eramango ditu elkarteak aurrera, toka eta bote txapelketa eta hildako bazkideen omenezko meza Karmengo Amaren kaperan
Jai giroa auzoan zehar zabaltzeko, trikitilariak ibiliko dira goizean zehar auzoko kaleetatik barrena.
Gainera, elkarteko urteurrena ospatzera hurbiltzen direnei txorizoa eta haragi egosia banatuko zaie doan.
Bazkari herrikoia ere antolatuko dute egun horretan. Eta adierazi digutenez, bazkide eta gonbidatuentzat doan izango da.
Arratsaldean, berriz, Mus eta Tute txapelketako final handiak jokatuko dira elkartean eta ostean, sari banaketa egingo da.
Eta honetaz gain, Basaundi auzoko plazan kontzertua egongo da.
Argazkien liburua
Ospakizun hauetaz gain, zuzendaritzako kideek azaldu digutenez, bazkideei eskatuz elkarteko ekintza desberdinen argazki zaharrak biltzen ari dira. Horiek guztiak bildutakoan liburu bat argitaratu nahi dute.
Jakitera eman dutenez, liburua urria edo azaro aldera argitaratuko litzateke. Izan ere, azkeneko argazkiak 50. urteurreneko ospakizunetakoak izatea nahi dute eta, beraz, iraileko jai egun handira arte itxaron behar dute.