Euskara ez dakitenak nola erakarri aztertzen

Txintxarri Aldizkaria 2011ko apirilaren 8a

Bi egunez, herri desberdinetako euskara teknikariek "Zer da euskara ez dakitenentzat?" galdera erantzuten saiatuko dira eta pertsona horiei euskara hurbiltzeko udalek zer egin dezaketen eta nola aztertuko dute Manuel Lekuona kultur etxean antolatu den III. Udaltopen.

Hasiera ekitaldia

Lasarte-Oriako udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Eudelek eta Kutxak antolatuta, Udaletako Euskara Zerbitzuen topaguneari atzo goizean eman zitzaion hasiera ekitaldi ofizialarekin.
Honetan, Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua, Estitxu Alkorta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Jesus Maria Zaballos Lasarte-Oriako alkatea, Bittor Oroz Eudeleko ordezkaria eta Mikel Irizar Kutxako ordezkaria egon ziren.
Hauek gaiaren garrantzia azpimarratu zuten. Euskara dakitenek hizkuntzaren erabilera gehiago sustatzearen garrantzia ere aipatu zuten Artzeren “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakienak hitz egiten ez duelako, dakienak hitz egiten ez duelako baizik” esaldia gogora ekarriz.

Hitzaldiak eta erakusketa

Euskara teknikari eta erakundeetako ordezkariek hitzaldi eta mahai inguruak entzuteaz gain, Katalunia eta Valentziako hizkuntzalarien esperientzia entzuteko aukera izan dute.
Gaur amaitzen den edizio honetan berrikuntzak egon dira. Batetik erakusketa eta bestetik azoka izan dira. Erakusketan, hainbat udalei bere esperientziaren berri emateko aukera eman zaie. Azokan, enpresa, elkarte eta erakundeek haien zerbitzuak saltzeko aukera dute.