III. BTTa egingo da gaur

Txintxarri Aldizkaria 2011ko apirilaren 10a

Lehenengo edizioan, 2008. urtean, 186 parte-hartzaile izan ziren Lasarte-Oriako I. BTT trabesian; iaz, aldiz, 271 lagunek parte hartu zuten. Horregatik, ekimenak duen harrera ona ikusirik, hirugarren edizioa antolatu dute herriko Saiatuz Txirrindulari Kirol taldeak eta MKL txirrindu dendak.
Aurtengo proba gaur egingo da eta ohi den bezala, Andatza eta Buruntza mendietan barrena egingo dute lasterka txirrindulariek.

Ibilbidea

Gainera antolatzaileek azaldu digutenez. Aurtengo BTTak aldaketa batzuk dakartza.
Lehenengoa irteera eta helmuga puntua da. Hirugarren edizio honetan Loidi-Barreneko pilotaleku ondoan egongo da.
Bigarren aldaketa ibilbidea da. Goizeko kiroldegi ondotik 9:00etan atera eta bi ibilbide egiteko aukera dago, bata motza 28km dituena eta bestea, 38 kilometrotakoa.
Ibilbide motza aukeratzen dutenek, Andatza mendira egingo dute eta bertan mendi pistetatik igoko dira eta hortik Lasartera egingo dute buelta. Antolatzaileek azaldu digutenez, “ibilbidea lasaiagoa da eta ez da prestakuntza berezirik behar hau egiteko”.
Bestalde, 38 kilometroko luzerako bidea aukeratzen dutenek, Andatza eta Buruntza igo beharko dituzte.
Bigarren aukera honetan, “ibilbide teknikoagoa da eta puntu batzuetan txirrindutik jaitsi beharko dira parte hartzaileak,” azaldu digute.
Gainera, ibilbide hau aukeratzen duten partehartzaileak prestatuak egon behar direla ere aipatu digute. Izan ere, "lokatza egonez gero, gogorra izango da."

Indarrak berreskuratu

Ibilbidean zehar bi gune antolatu dituzte jan eta edatekoekin, bata Andatzan eta bestea Azkorten.
Proba bukaeran ere, nekea eta botatako izerdiak ahazteko jakiak eta edariak egongo dira partehartzaileen eskura.
Honetaz gain, partaide guztiek opariak izango dituzte, probako kamiseta eta sagardo botila bat, eta proba bukatutakoan opari desberdinen zozketa egingo da.