10_Mendi bizikleta zeharkaldi jendetsua

Txintxarri Aldizkaria 2011ko apirilaren 10a

Euskal Herri osotik etorritako 336 kirolarik, gehienak Lasarte-Oria eta ingurukoak, hartu zuten parte herriko III mendi bizikleta trabesian. Saiatuz taldeak eta MKL dendak oso ondo antolatu zuten proba, eta eguraldiak ere lagundu zuen ez baituen eguerdira arte euririk egin. Goizeko 9etan atera eta 11etan hasi ziren lehen txirrindulariak polikiroldegi ondoko frontoira iristen eta eguerdirako txirrindulariz beteta zen frontoia. Bertan sagardo botila eta kamiseta bat jaso zuten parte hartzeagatik eta ederki indarberritu ziren: edari, kafe, salda, fruta, pintxo hotz, txistorra, patata tortila, okela egosi,... aukera zabala izan zuten horretarako.

Loidi Barrengo frontoira pixkanaka iritsi ziren goizeko 11:00k eta 12:00k bitartean Lasarte-Oriako III. BTT trabesian parte hartu zuten txirrindulariak, lokatzaz zipriztinduak eta nekatuak, Andatzatik 28 kilometroko ibilbide motza edota Buruntzatik 38 kilometroko luzea egin eta gero.
Bi puntu hauetan fruta eta edari postuak jarri zituzten antolatzaileek, bidegurutze guztietan ere egon ziren inor ez galtzeko eta atera ziren txirrindulari guztiak iritsi ziren onik helmugara. Ez zen erorketa aipagarririk izan eta DYAkoek urratu txiki batzuk sendatu beste lanik ez zuten izan.