“Proiektu utopikoa da 15m2ko etxea”

itxaso-moreno 2011ko apirilaren 11

Martxoaren 17an Diputazioak eta Kutxak antolatzen duten eta Gipuzkoako artisten proiekzioa ahalbidetzea helburu duen XLIV. Hasiberrien Lehiaketako sarituen artean Maria Bocos lasarteoriatarraren lana zegoela eman zen jakitera. Margoa eta eskultura nagusi ziren garaiak albo batera utzi ditu lehiaketak eta orain arkitekturak ere bere lekua hartu du. 35 urteko beherakoentzako lehiaketa honetan aurten parte hartu duten 21 artisten obrak daude erakusgai Koldo Mitxelena kulturgunean maiatzaren 14a bitartean. Bocos-en “Le communauté” lana ikusteko aukera egongo da bertan.

Gure gizartea aldaketa prozesu sakon batean dabilen arren, badirudi etxebizitzen arloan ez dela hainbesteko aldaketarik eta askoren jomuga izateari eusten diotela. Gizarte eraldaketa honek etxebizitzen aldaketa bat eskatzen du, edo behintzat hori da Maria Bocos herritarrak uste duena. 15m2ko etxebizitza da luzatu digun proposamena.Txikia badirudi ere, Artista Berrien XLIV. lehiaketan saria jaso du eta bere proiektuaz hitz egiteko berarekin bildu gara.

Nolatan aurkeztu zinen lehiaketa honetara?
Lau urte pasa ditut Bartzelonan ikasten eta uztailean bueltatu nintzen. Nire burua ezagutzera eman behar nuen, nire ahizpak lehiaketa honen berri izan zuen eta parte hartzeko esan zidan. Hasieran ez nuen oso argi, baina orain kontent nago.

Zer eskatzen da lehiaketa honetan parte hartzeko?
Obra bat, eta horregatik hasieran aurkezteko dudatan egon nintzen, ni diseinu mundutik natorrelako. Baina obra bat eskatzen da besterik gabe.

Eta zuk zer aurkeztu zenuen?
15m2ko etxebizitza baten planoa.

Nondik etorri zitzaizun ideia?
Bartzelonan karrera amaitzeko proiektua egiterakoan, galdera bati jarraiki planteatu behar duzu. Galdera Zer izan nahi duzu handitan? zen. Hortik aurrera krisi garaian gaudenez eta guzti horren ondorioa espekulazio higiezina izan denez, etxebizitza gai ona iruditu zitzaidan. Nere ustez etxebizitzaren gaia betidanik gizakiaren kezka izan da, hor bizi behar garelako.
Pentsatzen hasi nintzen, historian zehar gizakia oso nomada, mugikorra izan da eta horri helduta etxebizitza txiki bat, modularra sortzea pentsatu nuen. Oinarrizko gauzak izango lituzkeen etxebizitza baten neurri minimoak bilatzen hasi nintzen, froga batzuk egin, garatu eta hemen dugu emaitza.

Azkar lortu al zenuen ideia garatzea?
Hasieran nire jomuga etxe mugikorra, sostengarria, rulot antzeko bat egitea zen, guzti honekin jendearen txipa aldatzeko. Egun bizitza asko aldatu bada ere, jendeak oraindik 90m2, eta hiru logelako etxebizitzak nahi du. Gizartea azkar aldatzen ari bada ere, etxebizitzen mundua mantso doa. Nik uste beste modu batean bizitzen ikasi behar dugula, benetan beharrezkoak diren metroetan.

Nondik ateratzen da 15m2 bizitzeko nahiko direla?
Ideia sortu eta gero garapenerako frogak egin nituen. Eskultura antzeko bat egin nuen, espazio guztiak moduloka beteta zituen. Orduan modulo horiek kentzen joan nintzen, eskultura zulatuz. Baina ez nion inolako zentsurik aurkitu.
Orduan Le Corbusiere Le Moduleurren arau matematikoak, armoniosoak kontuan hartuta, altuera eta neurri egokiak atera nituen.

Eta hortik neurri hauek?
15m2ko etxebizitza bat neurri minimoekin egina bada ere, erosoa da. Sukaldea, komuna, logela eta erlaxatzeko tokia du. Lekua ondo aprobetxatu behar da eta horretarako altuerekin jokatu nuen.
Bolumenari esker, espazio irekia lortu dut eta gauzak gordetzeko leku askorekin. Eserlekuak adibidez, gauzak almazenatzeko eta eskailera moduan ere funtzionatzen dute. Guztia aprobetxagarria da. Leku bat gauza ezberdinetarako erabiliz. Espazioari jokoa eman nahi diot.
Gainera, etxean entxufe ugari jarri ditut lanpara mugikor baten bidez argia behar duzun lekura mugitzeko.

15m2 ez al da espazio minimoegia?
Proiektu bat da, utopikoa. Guzti honekin etxebizitzentzat beste aukera bat dagoela azaleratu nahi dut. Berez, gizaki guztiok etxebizitza bat edukitzeko eskubidea dugu. Proiektu honen bidez ideia bat luzatu nahi dut, jendea etxebizitza hau nahikoa duela, eta ondoren beharren arabera handitzen joan daitekeen etxebizitza dela.

Le Comunnaute jarri diozu izena, nondik dator hori?
Le Corbusierrek sortutako legea La Communaute zen. Ni hitz joko bat hartu dut Le, Corbusierrengatik eta Communaute legearengatik. Bera izan zen nire proiektuaren ispirazio.

Zenbat denbora pasa duzu proiektu honen osaketan?
Sei hilabetetan garatu dut gutxi gorabehera guztia. Lehenengo ideia pentsatu eta ondoren hau garatu. Hasieratik garbi neukan zer egin nahi nuen, baina garatzeko momentuan izan nituen arazo gehien, Le Corbusieren arauak erabiltzea otu arte nahiko galdua ibili nintzen. Eta hortik aurrera dena zuzen eta bideratua joan zen. Baina nahiz luze jo zuen kontent nago emaitzarekin, proiektuak logika du eta justifikatua dago.
Denborarekin arkitektu batekin hitz egin nuen, proiektua erakutsi eta etxebizitza modulua asko gustatu zitzaion, ondo pentsatua zegoela esan zidan, xehetasun txikienak kontuan edukita. Horrek ere poztasunez beti zidan.

Proiektua ondo dago, baina etorkizunean bideragarri ikusten duzu?
Hemen Euskal Herrian adibidez, ez. Baina hiri handietan aldiz bai. Nik proiektuan Ulia mendian kokatu nuen, mendian eta aipatutako arkitektoarekin bildu nintzenean esan zidan bertan ez zeukala zentsu handirik jartzea. Bertan toki zabala dago, zabalegia etxe konpaktu bat jartzeko. Orduan proiektuari buelta bat eman eta berak aholkatutako bide logiko bati jarraiki gaur egun dauden eraikinen goikaldean, azotean jartzea iruditu zitzaidan hoberena.
Baina etxebizitza hau dentsitate handia dagoen hirietan jartzea izango litzateke egokia. Berez eraikitzeko lur hori ez dagoen tokietan; Madrid, Valentzia, Bartzelona... Adibidez, azken hiri honetan azotea pila daude erdigune inguruan.

Altueran jarriko al ziren?
Printzipioz ez. Ez dut horrela enfokatu proiektua, berez moduluka jartzeko pentsatuta dago. Goialdean leihoak dituzte argia sartzeko. Gainera hasiera batean, nire ideiak moduloak jarri eta inguruan zonalde komun bat egitea zen, baina arkitektuarekin hitz egin ondoren aldatu egin zen.
Baina berez nire proiektua da, gero egitekotan ikusi beharko litzateke moldatu beharreko gauzak dauden edo horrela ondo dagoen.

Proiektuaren prototipoa egiteko asmorik ba al duzu?
XLIV. artista berrien lehiaketa irabazi ondoren, bertako kide batzuk esan zidaten agian orain hurrengo pausua proiektuaren prototipoa egitea litzatekeela, baina guzti hori hitz egiteko dago oraindik.
Oso aukera ona izango litzateke proiektua bideragarria den edo ez ikusteko, bertan bizitzeko aukera dagoen ala ez ikusteko.

Etxe txikia izanik, kostea ere txikia izango litzateke?
Ez dut hori kalkulatu, baina nik uste dirua izango zela. Proiektua sortu nuenetik esan nuen prototipoa egitea gustatuko zitzaidala, baina diru asko suposatzen du. Eta badirudi lehiaketa honek ateak ireki ahal didala gauzatzeko.

Obra saria izan da zurea, zer eman dizu?
2.000 euroko sari ordaina eman didate, baina dirua joan egiten da. Honetaz gain, nire burua ezagutzera emateko aukera zabaldu dit.
Lehiaketako irabazlei esan digute gure proiektua beste herrialde batzuetan ezagutzera emateko bidaia egingo dugula. Sevillakoa zen lehiaketa honetan epai-mahaikide bat eta bertara joango garela esan ziguten. Besteak beste, Madrilera, Casa Encendida delakora eta Leonera joateko asmoa dago, baina konfirmatu gabe dago oraindik.
Oso aukera ona da Espainian zehar gure proiektua aurkezteko aukera eskaintzea. Saria bat baino gehiago da, kurrikuluma betetzen joateko aukera ematen dizu. Nik dirua baino horrelako gauzak nahiago ditut saritzat.

Kontent orduan?
Oso kontent nago saria jasotzeagatik, gainera ez nuen espero. Eta honetaz gainera Koldo Mitxelenan nik sortutako proiektu bat ikusgai egotea garrantzitsua da niretzat.

Zer aurkituko dugu bertan?
Nire proiektua azaltzen duten hogeita hamar A-5 ageri diren Panel batzuk. Eta gero Le Communauteren maketa bat dago 1:10 eskalan. Nire ideia saritu dute eta orain nahi duen orok ikusteko aukera dauka.
Maiatzaren 14a bitartean ikusteko aukera dago.

Lehenengo lan garrantzitsuan saritua, nola ikusten duzu etorkizuna?
Egia esan ez dut oso garbi ikusten. Lehiaketak ondo daude nire burua ondo ikusteko. Nire proiektuak asko gustatzen zaizkit, baina ez momentuz ez dute irteerarik eman. Etorkizuna ez dut argi ikusten bizi dugun egoeraren ondorioz, krisiagatik, baina ez nire buruagatik. Hala ere, badakit sortzen jarraitzen behar dudala, lanean eta buruari eragiten.

Gustukoa duzun beste proiekturen bat aipatzerik?
Casa Huerto, izenekoa. Beste etxe minimo-minimoa da. Baratza, egongela, logela, komuna eta sukaldea du. Hau ere, eskolako proiektua izan zen, eta irakasleei asko gustatu zitzaien. Haren prototipoa egiteke daukat oraindik, ikasketak amaitu nituenean esan zidaten patioan egingo nuela. Itxoiten nago, berez hilabete honetan zehar Bartzelonara joan beharko nuke hau egitera.
Proiektu hau Madrilgo beste lehiaketa batetan aurkeztu dut, ea zer ateratzen den.

Nondik bideratu nahi duzu zure bizitza profesionala?
New Yorken bazegoen artista bat etxebizitza minimoak diseinatu eta egiten zituena, bere lana asko gustatzen zait eta nire lana hortik bideratzea ez legoke gaizki.
Arkitektura japoniarra ere asko gustatzen zait, espazio minimoak ondo aprobetxatzen baitituzte. Barne-diseinuaren munduan, etxebizitza da gustukoen dudan esparrua. Neri etxebizitza txikien barne diseinuan lan egitea gustatuko litzaidake.
Honetaz gain ,grafikoa, arte mundua eta proiektu kontzeptualak ere asko gustatzen zaizkit. Egon daiteke esparru bat bestea baino gehiago gogoko dudana, baina ez dut nire bizitza profesionala itxi nahi.
Azken finean nire bizitzak bideratuko du nire bizitza profesionala. Ez dakit zein lan aterako zaizkidan baina guztiei irekita egon nahi dut. Arte eta diseinu munduarekin zerikusia duen oron ikusten dut nire burua.