Konponbidea eskatu du Pello Eskisabelek

jon-altuna 2011ko apirilaren 11

Pello Eskisabel lasarteoriarrari hamazazpi urteko espetxe zigorra jarri dio Parisko Auzitegiak ETAko zuzendaritzako kide izateagatik. Asteartean, epaileak erabakiaren berri eman aurretik, hitzegiteko aukera baliatu zuen herriari hitza emateko eskatzeko: "prozesu demokratiko horrek eramango gaitu askatasunean eta justizian oinarritutako bakera". Bere ustez, Espainia eta Frantziak errepresioa utzi eta konponbide demokratikoaren aldeko pausuak eman beharko lituzkete, demokraziaz mintzatu baino, demokrata gisa jardun.

Pello Eskisabelek asteartean epaile frantsesaren ahotik 17 urteko kartzela zigorra jaso aurretik hitza hartu eta salatu zuen Espainia eta Frantziak irtenbide politikoari ezetz esan eta euskal gizartearen eskaerari errepresioa sakontzearekin erantzun diotela. "Atxiloketak, espetxeratzeak, estradizioak, deportazioak, guda zikina, tortura, alderdi politikoak debekatzea... eguneroko ogia dira. Hala ere, inoiz ez da beranduegi izango Euskal herriarekiko jarrera alda dezaten. Ez da nahikoa "demokrazia" hitzaz ahoa betetzea, demokrata gisa aritzea beharrezkoa da".
Eskisabel Lasarte-Oriako presoak indartsu aldarrikatu zuen "euskal herritarren borondatea” eta hori gauzatzeko “prozesu demokratikoa" zera galdetuz: "Ba al dago zerbait demokratikoagorik herriari hitza ematea baino, askatasunez bere etorkizuna erabaki dezan? Horixe izan da betidanik ezker abertzalearen eta ETAren eskaera". Goraipatu egin zituen gainera epailearen aurreko mintzaldian gatazka konpontzeko azken hilabeteotan nazioarteko eta Euskal Herriko hainbat lagun egiten ari diren lana eta ETAk eskaini duen su etena.

Haizea alde

Pellok, asteartean, epaiketako azken egunean hainbat adierazpen egin zituen epailearen aurrean: "Espainiak eta Frantziak nahi badute estatu demokratiko gisa ezagutuak izatea, bederen euskal jendartearen aldetik, badakite zer egin. Bazter dezatela errepresio estrategia, onar ditzatela Euskal Herria nazio gisa, bere lurraldetasuna eta etorkizuna askatasunez erabakitzeko euskal herritarrei dagokien eskubidea. Historiaren haizeak horren alde ufa egiten du, eta berandu baino lehen, gizon eta emakume askez osatutako Euskal Estatu Independentea nazio askez osatutako nazioarteko komunitatearen parte izango da".
Pellok epaileari esan zion epaiketak iraun duen bi astetan argi ikusi dutela auziak ezaugarri politikoak dituela, Euskal Herriaren gehiengoak España eta Frantziak darabilten asimilazio prozesuaren aurka erresistentzia jartzen duela eta bost hamarkadatako borroka horren ondorio dela auzia.
Epaileari gogorarazi zion hurrengo urtean, 2012an, beteko direla 500 urte nafar estatua desagertu zenetik, Euskal Herria burujabetasuna, lurraldetasuna eta etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen ari dela eta 1948an NBE sortu zenetik nazioen kopurua laukoiztu egin dela.

Europako estatu berriak

Epaiketaren azken eguneko hitzaldi luzean, Europan azken hamarkadatan sortu diren Estatu berria aipatu zituen Pello Eskisabelek adibide gisara eta epaileari jakinarazi zion Estatu gabeko nazio baten independentziaren aldarrikapenak nazioarteko legedirik ez duela urratzen argi eta garbi adierazten dutela kasu horietan Hagako Nazioarteko Auzitegiak hartutako epaiek.
ETAko zuzendaritzako kide izatea egotzita, Parisko Auzitegiak hamazazpi urteko espetxe zigorra ezarri dio Pello Eskisabel preso lasarteoriatarrari eta zortzi urtekoa Manu Ugartemendia errenteriarrari. Frantziako Poliziak 2005ean atxilotu zituen biak, Okzitaniako Cassade herrian, eta ordutik preso egon dira, beraz sei urte bete dituzte jadanik. Eskisabelek 17 urteko zigorraren bi heren bete beharko ditu gutxienez Frantzian eta ondoren bertatik kanporatu egingo dute.