Horregatik presoen aldeko taldeak proposamen bat aurkeztu du Udalean, herriko hainbat talderen babesarekin eta ostiralean “Bizi Arteko Kartzelarik Ez” leloarekin 19:30etan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.
Bizi arteko zigorra
Udalean Lasarte-Oriako preso politikoen aldeko proposamena aurkeztu duen taldearen ustez, Gorenak hartutako jokabide eta epaiaren ondorioz, bizi arteko kartzela zigorra ezarri zaie presoei. “Kondenak oso osorik bete ostean kaleratzear zeuden gure senideak preso mantentzeko helburuarekin”. Euren iritziz, zigorrak betetzeko modua eta hau murrizteko aukera aldatu zuen Auzitegi Gorenak 197/2006 epaiarekin, horrek argi erakusten du jarduera juridikoa errebantxarako erabiltzen dela eta aldi berean uste dute erabaki hau Espainiako Konstituzioaren eta Giza Eskubideen Europar Hitzarmenaren kontrakoa dela.
Beraz Udalari eskatzen diote bat egin dezala Auzitegi Gorenaren 197/2006 epaia bertan behera uzteko eta zigorra betea duten lau preso hauek kaleratzeko eskaerarekin, elkartasuna adierazi senideei eta apirilaren 15ean manifestazioa bultzatu.
Konkretuki, Udalari lau punturen onarpena proposatzen zaio: batetik Espainiako Auzitegi Gorenari eskaera egiteko 197/2006 sententzia bertan behera utzi dezan eta bestetik Udalak adierazi dezala Orotegi, Turrientes, Francisco eta Rezabal herriko presoak kaleratzearekin adostasuna.
Manifestazioarekin bat
Gainera hirugarren puntuan espetxe politikak presoen senideengan dakarren zigor gehitua dela eta, senide hauei elkartasuna adierazteko eskatzen zaio udalari eta laugarrenean bat egin dezala apirilaren 15ean zigorra betea duten preso hauen kaleratzearen alde deitutako manifestazioarekin.
Ostiralean 19:30etan hasita burutuko den manifestazio honekin bat egin dute Ezker Abertzaleak, Hamaikak Batek eta Ezker Batuak Udalean dituzten ordezkariek, EAk, LABek eta herriko beste hainbat elkartek, besteak beste, Multimusikalak, Xirimirik, Sorgin Jaiak, Marasmak, Bertso Eskolak, Etxarat-ek, Gazte Independentistek, Pirritx eta Porrotx pailazoek, Sahara herriaren aldeko Ekimenak eta AEKren Muntteri euskaltegiak.