Euskalakari ugari igo zen oholtzara astean zehar burutuko diren hainbat ekitaldi aurkezteko. Txalapartaren ondoren, Andoni Otamendik hiru bertso kantatu zituen besteak beste "korri dezagun, Trebiñotik Donostira", "Kale ertzean, bada ederki eta korrika hobeto" eta aurtengo korrikaren leloa erabiliz, "maitatu ikasi ari, ni ere euskalakari, bihotzarekin bira emango diogu Euskal Herriari".
Ia bete egin zen Kultur Etxeko aretoa, eta ekitaldian izan ziren Txanpi Baztarrika, Estitxu Alkorta, Ana Isabel Prieto eta Ricardo Ortega zinegotziak.
Duela bi urteko korrikako bideoen artean, Kukukako solaskideek Alex Telloren laguntzaz prestatutako antzerkia eskaini zuten. 16. korrikari buruz prestatu zuten bideoa ikusgarria izan zen, eta ondoren Olatz Urdanpilletak aurten Korrikak Euskaltzaindiak euskara bultzatzeko egindako lana omenduko duela azaldu zuen, bereziki hil berri den Xabier Gereño euskaltzaina gogoratuz eta agurra dantzatu zioten.
Xumela abesbatzak bi abesti eskaini ondoren iritsi zen ekitaldiko momenturik bereziena, modeloen erakustaldiarekin. Euskaltegiko ikasle eta herriko gazteek AEK salgai jarri dituen Korrika arropa ezberdinen erakustaldia egin zuten. Modelo amateurrak ikusleen artetik atera eta euren itzulia egin zuten oholtza gainean.
Bukaeran Lasarte-Orian igandean lekukoa hartuko duten elkarte eta taldeetako ordezkariek petoa jaso zuten, besteak beste, LAB, Ostadar, Sorgin Jaiak, elkarte gastronomikoak, jangelak, Udala, ikastetxeak, Argia, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Kukuka, Zabaleta auzoa, Landaberriko gurasoak, Muntteri, Erketz eta Ezker abertzalea Gose taldeak Korrikarentzat egindako bideo klipak eman zion amaiera ekitaldiari.
Egitarau zabala
Korrika datorren igandean goizeko 7:30etan pasatuko da Lasarte Oriatik baina aste guztian zehar nabarituko da Euskal Herrian barrena dabilela. Larunbatean, Baginaren Bakarrizketa antzezlana eskaini zen, ostegunean 15:30etan pasatuko da Korrika txikia, ostiral gauean bertso desafioa egingo da Jalgin, larunbatean, haur jolasak, kalean giroa Amalur, Xumela, Alboka eta Kukukarekin, babarrun jana, bertsolari, bakarrizketa, dantza eta erromeria, eta igandean korrika pasa ondoren txokolatea banatuko da (egitarau osoa 7. orrialdean).