Korrika

taxio-arrizabalaga 2011ko apirilaren 15a

Korrika badator! Arin pausoa, tipi-tapa bihotza ta zangoak. Azkenik, korrika gurera helduko da igande goizaldean, Donostian azken kilometroak ahitu baino lehen. Euskal Herri osoa zeharkatu ostean dator. Trebiñutik oraingoan. Karrantzatik Iruñeara, ere joan izan da. Edo Gas-Gasteizetik, Bai-Baionarat. Pauso bakoitzeko, hitz bat asfaltoan txertatuaz. Eta hamazazpigarrenez ere, eskuz-esku, ta denen pausoaz, egingo du bide osoa.
Niko Etxart-ek zioen moduan, Aire, Aire adiskidiak! Herri honen ohiua ttipi-ttapa, ttipi-ttapa baitator Arabako lautadatik guganaino. Irriz irri, korrika iturri. Eta guztiok dugu gure-gurea dugun euskararen alde emateko zerbait. Belaunaldiz-belaunaldi. Zapatila zaharrak armairu zokotik aterata, birikak airez eta begiak negar malkoz beteta, kalera irten eta korrika hasteko aukera. Berotasuna sentitzeko beta. Garra. Gar, ger, gir, gor gur. Erritmo erraldoiaz nor ez du martxan jarriko halako deiak? Mundu bat doa korrika euskararen herrietan; karriketan korrika, korrika karriketan.
Hona aukera, jalgi hadi euskaraz, laga erdara eta bizi ganoraz. Gurekin etorri, korrika uztarri. Denon arnasez ta hire izerdiaz egingo diagu aurrera. Heldu iezaiok lagunari tinko bidean. Euskal Herrietan barrena mapa osoa marrazten dian lasterketara batu hadi, euskarak beste urte batez ere irabaz dezan; Xiberoako ekhipean iratzarri eta Sartagudan aurtengoan lehen aldiz lotaratu duan korrikaldira.
Kalaka da giltza. Kalakak zabalduko du euskara mundura. Kalakari izan gaitezen bada. Euskalakari, alajaina. Pausoz pauso, gelditu barik, pausoz pauso maitatu, ari; pausoz pauso, euskalakari.