Lasarte-Oriako kultura ondarea eta beronen kudeaketa

Txintxarri 2011ko apirilaren 15a

Lasarte-Oriako herriak eta bertako herri eragileek kultura sorkuntza arloan duten maila eta gaitasuna agerikoak dira. Denak aipatzeak luze joko liguke, baina urtean zehar gure herrian ospatu ohi den kultura ekinbide andanak argi eta garbi erakusten du gaitasun hori, dela musika munduan, dantza eta sorkuntza eszeniko mailan, kultura herrikoi eta folklore arloan… ume, gazte nahiz helduak eskuz-esku aritu ohi dira lanean urte osoan zehar herriari dagokion kalitatezko kultura eskeintza osatu, moderno eta orokorra pentsatu eta gauzatzeko bidean, gehienetan modu herrikoi eta autogestionatuan.

Gaitasun hau izpide hartuta, gutun honen mamiari heldu nahiko genioke. Izan ere, harrituta dihardugu azken urte hauetan herriak bizi duen kultura olatuaren aurrean Udaleko kudeaketaz arduratzen den alderdiak honen aurrean urtetan egin duen ezikusiaren paperarekin. Orohar eskeintza apal eta murritza, hori bai, lantzean behin izen ponpoxo eta ezagunez gatz-pipertua. Eskeintza garesti eta antzua gehienetan, interes zehatz batzuen norabidean bideratua. Orokorrean Kultur-etxe delakoan enlatatuta aurkeztu ohi diren kultura eskeintzak, normalean diruz ordaindu beharrekoak eta herriko behar zein nahiei erreparatu gabe plazaratu ohi diren jarduerak.

Azken 2 urte hauetan ordea, Udalaren aldetik halako aldaketa nahi bat nabaritu dugu hainbat jardun herrikoiri aurre egiterako orduan, nolabait herriko elkarte eta kultura eragileekin elkarlana bultzatu eta ekinbideak elkarlanean planteatzeko joera. Hainbat adibide aurki ditzakegu, halanola Ihauterietako asteburuaren antolaketan, edota herriko festetan antolatu ohi duten musika taldeen maketa lehiaketa. Itxuraz, herriko eragileei eskua eman eta denen artean kultura eskeintza txukun bat plazaratzeko nahia… itxuraz diogu, praktikan guzti honen gainean dugun iritzia guztiz kontrakoa delarik; izan ere, praktikan, herrian azken urte hauetan kultura eragileek izan duten gorakada eta batez ere kalitatezko jardun eskeintzaren aurrean, udaletxeak herri eragile hauengana hurbildu, beste aukerarik ez du izan, bi arrazoi nagusirengatik;

-Batetik, eragileek plazaratutako eskeintza andanaren aurrean kalitatezko alternatiba ofizialik aurkezteko gaitasun ezaren aurrean, nolabaiteko hurbilketa bat ezinbestekoa izan da beraien aukeraren antzutasuna ageriegi gera ez zedin. Eta bada hau arrazoitzeko datu argi eta garbi bat: Udaleko kultura arloak urtero ofizialki antolatutako jardueren zenbateko ekonomikoa eta honen aurrean herriko kultura eragile hainbatek behin eta berriz agertzen duten laguntza ekonomiko falta. Udalaren jokaldia oso sinplea da; herriko kultura eragileei orain arte egiten zutena udaletxearen eskutik egiteko aukera ematen zaie, baina udalak bere kultura ereduarekin jarraitzen du, alegia guztion aberastasun kulturalerako beharko lukeen dirutza nahi duten moduan xahutuz (esanguratsuak aurtengo herriko jaietan OBK taldeari ordu eta erdiko emanaldi batengatik ordainduriko 30.000 euroak, adibidez), eta kultur eragileek urte osoko lanaren ondorioz plazaratutako eskeintza beraien eskeintzaren parte bilakatuz. Baina adibidez, herriko eragile batek Kultur-etxeko aretoa erabiltzeko premia badu zergatik eskatzen zaizkio 900 euro beronen erabilerarako?

-Bestetik, egungo textuinguru ekonomikoak behartuta, kultura jardueretarako aurreikusita dagoen kopurua asko murriztu den heinean, espazio hau herriko eragileekin betetzea pentsatu dute, ihauterietan edota festetako musika lehiaketan ematen diren adibideei jarraikiz; alegia, herriko talde batzuek beraiei iristen ez zaien eremu bat noski dohan bete, dagoen dirua beraiek nahi duten moduan kudeatze aldera.

Beraz, egun, herrian ematen ari den fenomeno honek oso kezkatuta ditu lasarten lanean diharduten eragileak. Finean, diru kontuetaz haratago Kultura ulertzeko bi eredu argi eta garbiren arteko talkan baitago arazoaren muina. Udaletxeak urtetan zehar kontsumorako kultura antzu, garesti eta arrotzaren aldeko hautua egin duen bitartean, herriko eragileek Kultura herrikoi, partehartzaile eta xume baina kalitatezkoaren aldeko bidea jorratu du. Eta hori nabaria da herrian, astero-astero programatu ohi den ekitaldi andana da honen adibiderik garbiena. Udaletxea, eragile herrikoien indarraz jabetuta bere onerako erabiltzen saiatu da, baina ez da konturatu, prezeski urteetan erakutsitako kontsumorako kultura eredu antzu horri aurre egiteko alternatiba gisa sortu direla hainbeste kultura adierazpen herriaren aldetik, eta berauek ere badutela zer esana hain agerian geratu den Udaletxearen 180 graduko gezurrezko aldaketa honen aurrean.

Kultura herrikoi eta partehartzailearen aldeko hautu argia egiten du ezker abertzaleak, berau osatzen duten eragileekin elkarlanean aritzeko prestutasuna agertzen duelarik. Herritarron kultura ondarea ez baita izen handi eta eskeintza garestietan ebaluatzen, herriko eragileek agertzen duten gogo eta lanerako determinazioan baizik.

Lasarte-Oriako Ezker Abertzalea