Mikel Bermejok 19 urte ditu eta bakarrizketen alorrean ibilbide handia du oraindik egiteko. Orain dela gutxi hasi da mundu honetan, Korrikak antolatutako kalakari lehiaketan parte hartu zuen Agurainen martxoaren 27an. Ez zuen kanporaketa pasatzerik lortu baina kontent da han jasotako berotasunagatik.
Zer dela eta erabaki zenuen Kalakari lehiaketan parte hartzea?
AEK-ko zuzendariak bakarrizketan aritzeko lehiaketa bat zegoela esan zidan, bere semeak ondo ibiltzen nintzela esan eta gero proposatu zidan parte hartzea. Mundu hori asko gustatzen zait eta apuntatzea erabaki nuen. Hiru lekuetan egin zen kanporaketa Durangon, Agurainen eta Donostian (Dokan) eta ni Agurainera joan nintzen. Hasieran Donostian parte hartu behar nuen baino jende gehiegi zegoen bertan eta Agurainera bidali ninduten.
Zenbat parte hartzaile bildu zineten bertan?
Orotara lau. Beste bi mutil eta neska bat. Gazteena ni nintzen, gainerakoek 40 urte inguru izango zituzten. Neskak irabazi zuen, baina ni oso gustura sentitu nintzen. Lehiaketa amaitu zenean epai-mahaikide bat etorri zitzaidan eta horrela jarraitzeko esan zidan. Oso ondo aritu nintzela. Ezagutzen ez nuen jendea ere hurbildu eta aurrera jarraitzeko esan zidaten. Nire burua oholtza gainean ondo ikustea zen nire helburua, ez irabaztea.
Bi bakarrizketa prestatu behar ziren, zer prestatu zenuen zuk?
Lehenengoaren gaia librea zen eta bestean kalakari hitza gidari hartuta egin behar zen bakarrizketa.
Gai librean Korrikaren parodia egingo nuela erabaki nuen. Bakarrizketaren hasieran ni korrikalariz jantzita, motxila batekin agertu nintzen testigua eskutan Korrika itxoiten, baina oraindik hasi gabe zegoen.
Ondoren kirol ezberdinei buruzko sekretuetan zentratu nintzen; tenisa, futbola, saskibaloia, kurling-a, txirrindularitza, Formula-1a...
Bakarrizketak 8 minututakoa izan behar zuen. Bestea, kalakari hitzaren ingurukoa, bitan banatu nuen nik. Alde batetik Cacereskoa bainintz bezala aurkeztu ondoren, euskarari buruz aritu nintzen, euskara nola ikusten nuen azaldu nuen, eta bestetik, kalakari hitza aztertu nuen, etb-1eko saioa eta Xabier Euzkitze imitatuz.
Eta nolatan landu duzu kirol mundua?
Ez dakit. Egunero zeozer apuntatzen dut, burura etortzen zaizkidan ideiak. Kiroletako gauza asko nituen, kirolaria naiz eta horregatik erabaki nuen. Erabaki azkarra izan zen. Errauskailuaren kontrako bakarrizketa bat prestatuta neukan, baina Agurainen hori ez zen ulertuko, horregatik ideia alboratu eta kirolarekin geratu nintzen.
Bakarrizketak ez dira bat-batekoak, zenbat denbora pasa zenuen prestatzen?
Aste bete baino gutxiago, lauzpabost egun. Hasiera euforikoa izan nuen, gustura nengoen. Ideia asko atera nituen lehenengo egunean eta gero moldatzen aritu nintzen. Berez, aipatu dudan bezala Donostian hartu behar nuen parte eta lehiaketa igandean bazen, ostiralean esan zidaten Agurain hartuko nuela parte. Ostiralean amaitu nuen dena, goizeko 5ak arte egon nintzen atrezzorako behar nuen guztia prestatzen.
Nola eratzen da bakarrizketa bat?
Inspirazioa etortzen zaizunean ideiak apuntatu behar dira, nik egia esan erraztasuna daukat horretarako. Batzuetan konturatzen zara egun batean idazten duzun ideia horrek, hurrengo egunean ez daukala zentzurik, baina hortik beste zeozer atera daiteke.
Lehenengo aldiz aurkeztu al zara lehiaketa batean?
Bai. Orain arte koadrilako afarietan eta ibili naiz, pasa den Multimusikalean ere bakarrizketa bat prestatu nuen eta herritarren aurrean aurkeztu. Gustura egin nuen eta gustura atera nintzen, show ederra muntatu genuen, etxean bezala sentitu nintzen. Hala ere, Agurainekoa okerragoa izan zen, pinta okerragoak eraman nituen.
Bakarrizketa buruz ikusia al zeneraman?
Ez. Eskema bat erabiltzen dut, inprobisazioa gehienbat. Etxean entseatu egiten dut, baita ahots ezberdinak. Buruan ditut ideia guztiak eta beraz erraz irteten dira, nik sortu dut, beraz errazagoa da.
Bakarrizketa hau herrian entzuteko aukera ere izango dugu, ezta?
Bai apirilaren 16an bi saio egingo ditut. Egun luzea izango da niretzat. Korrikako bazkariaren ostean bertsolariak, trikitixak... egongo dira, eta nik ere parte hartuko dut. Egun berdinean baina gaueko 22:30etan Jalgin izango dut emanaldia beste hiru neskekin.
Eta nondik datorkizu horretarako zaletasuna?
Betidanik izan naiz txistezalea, lagunen artean, koadrilaren afarietan, brometan ibiltzea dut gogoko. Duela sei hilabete koadrila afari baterako bakarrizketa bat prestatzeko eskatu zidaten. Dana Ona jatetxean egin nuen eta inguruko mahaietako jendea ere gustukoa izan zuen. Hortik aurrera egunero ideiaren bat idazten dut. Bai euskaraz bai erdaraz bakarrizketa ugari ditut prestatuak.
Mundu hau beraz gustukoa duzu?
Bai, asko gainera. Beste lehiaketaren baten berri izaten dudanean zalantzarik gabe joango naiz. Gustura egiten ditut, gustura ateratzen naiz.
Lotsarik?
Ez. Oholtzara igo behar zaren momentu horretan urduritasuna sumatzen duzu, baina gero igo eta publiko aurrean dena erraz doa, eroso sentitzen naiz.