Maiatzak 22ko udal hauteskundeetan Lasarte-Orian aurkeztuko diren alkategaiak ezagutarazten ari dira eta aurreko ostiralean Ezker Batuak aurkeztu zuen berea. Ricardo Ortega zinegotzia izango da zerrendaburua eta berarekin batera Gema Peña, Josean Cuesta, Maria Eugenia Aizpuru eta David Franco joango dira lehenengo tokietan.
Hauekin batera, Mikel Izagirre, Urnietako alkate eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako EBren zerrenda burua izan zen aurkezpenean. Ortegak “beste sasi ezkerreko alderdien aurrean alternatiba” gisa aurkeztu zuen bere zerrenda, euskal ezker federalista, “kasualitatez errepublikaren egunean”.
Aurten EB bakarrik aurkezten bada ere itxaropentsu agertu zen berriro Udalean izateko eta bere programaren ildo nagusiak jakinarazi zituen, besteak beste, zerbitzu sozialak sendotzea eta lanpostuen sorrera bultzatzea ingurugiroaren eta energia berriztagarrien arloetan lan eginaz, eta honekin batera herritarren parte hartzea ziurtatzeko bideak jorratzea batez ere udal aurrekontuak egiterakoan.
Gainera, herritarren osasunaren eta ingurugiroaren defentsan ahalegin berezia egingo dutela esan zuen, “denek hitz egiten duten garapen iraunkorraz, baina gero kontraesan handiak dituzte” eta konkretuki hondakinen kudeaketan Atez Ateko bilketa bultzatuko duela adierazi zuen.
Mikel Izagirrek besteak beste EBren politikaren ildo orokorrak azaldu eta Ricardo Ortegak Sanmarkoko mankomunitatean egindako lana goraipatu zuen. Gema Peñak Ezker Batuaren baitan herritarrekin zuzenean lan egiteko eta hauen beharrak ezagutzeko bideak azaldu zituen.