Jaizkibel plazaren eraberritzea martxan dago

Txintxarri Aldizkaria 2011ko api. 23a, 02:00

Jaizkibel plazako eraberritzea esleituta dago dagoeneko. UTE Jaizkibel, Construcciones Moyua eta Dragados enpresek osatutako taldea izango da lanak aurrera eramango dituztenak.
Obraren exekuzio epea bi hilabete eta erdikoa izango da, eta apirilaren amaieran jarri ziren martxan lanak. Obra 509.081 eurorengatik esleitu dira.
Proiektu hau Eusko Jaurlaritzaren Hiriber planaren baitan kokatzen da, espazio publikoen ordenantza eta irisgarritasuna hobetzea bilatzen duena.

Plaza berria

Lan hauei esker plazari erabilera berriak emateaz gain, euria egiten duen bakoitzean plaza urez betetzeari irtenbidea emango zaio.
Etorkizunean haurrentzako jokoak eta atsedenerako lekuak izango dira.
Jaizkibel plaza berriaren diseinurako Gaztelekuaren kokalekua kontuan izan etaeraikin berria plazan txertatua da.
Obra honekin eta Adarra plazako urbanizazio berriarekin Sasoetako eraberritzea amaituta egongo litzateke, Jaizkibeleko etxabeen eraispenak ezean.

Aparkaleku gehiago

Era berean, Udalak jakin arazi du, Basaundi bailarako Zelaialde kalean aparkaleku kopurua handituko duela.
Zonalde horretan aparkatzea errazteko asmoz, Zelaialde kalea zentzu bakarrekoa izatera pasako da. Era honetara, kendutako zentzuari esker, plaza berriak sortu ahalko dira.
Jesus Zaballos alkateak azaldu duenez, "lanean ari gara zonaldez zonalde aztertzen zein neurri hartu ditzakegun aparkalekua errazteko, izan ere, jakin badakigu zer nolako zailtasuna suposatzen duen udalerriko puntu batzuetan".
Eguraldiak laguntzen badu, aste honetan hasiko dira aparkaleku berriak pintatzeko lanak eta hauek une bateko aldaketak eragingo dituzte eremuan.
Udalak jakin arazi duenez, Zelaialde inguruko bizilagun guztiei informazioa emango zaie portaletan jarriko den bando baten eta plano baten bidez.
Honela, lerro hauen bidez, Lasarte-Oriako alkatetzak barkamena eskatu nahi du lanek sortu ditzaketen eragozpenengatik.