Den dena jorratu ezin denez, Belle-Epoque urteetako herriaren urrezko garaian murgilduko dira batez ere. Izan ere, antolatzaileek adierazi dutenez garai horretan Lasarte-Oriak aldaketa handiak bizi izan zituen eta une garrantzitsua izan zen.
Maiatzaren 7an gaueko 22:00etan Kultur Etxeko areto nagusian egingo den bertso saio honetan, Andoni Egaña, Euskal Herriko txapeldun ohia, Arkaitz Estiballes, Bizkaiko txapelduna eta herriko bi bertsolarik kantatuko dute, Unai Muñoa eta Ane Labakak.
Eta urtero bezala beste arlo batzuetako herriko sortzaileek ere parte hartuko dute emanaldian, besteak beste, musikariek, Kukukako antzezleek eta zenbait dantzarik: batetik, herriko Erketz dantza taldeko kideek eta bestetik klake eta charleston dantzariek. Sarrerak hiru eurotan salgai daude Manuel Lekuona kultur etxean.
Zuzeneko musika
Aurtengo saioaren berrikuntzarik aipagarriena zuzeneko musika izango da. Musikariekin kantatuko dute bertsolariek eta horretarako Aitor Atxegaren, Lasarte-Oriako udal musika eskolako kideen eta Loatzo musika eskolako bi irakasleren laguntza izango dute antolatzaileek.
Urtero bultzatu eta nabarmendu du Ttakunek diziplinaren bat, 2008an antzerkia, 2009an dantza, eta aurten musika. Horrela, aurten, emanaldi guztian zehar musika zuzenean eskainiko da.
Gainera, emanaldia grafikoa izan dadin, Edu Galardiren laguntzarekin argazki zaharrez hornituko da aretoa eta Kukuka antzerki eskolako gazteek kontatuko dituzte.
Bestalde, Kukuka Antzerki eskolako beste talde batek gai bati sarrera egingo dio, Xumela abesbatzak ere parte hartuko du saioan eta dantzari dagokionez Erketz taldeko partaideek euskal dantzak eramango dituzte emanaldira, Ane Minguez eta lagunek Charlestona, eta Lezoko Tik Tak Clac taldekoek klakea.
Bi helburu nagusi
Ttakuneko antolatzaileek adierazi dutenez, aurreko hiru urtetan egindako lanaz eta lortutako arrakastaz harro daude eta bide honetatik jarraitzeko gogoz. Bi helburu nagusirekin antolatzen dute urtero bertso saioa: batetik bertsolaritzara hurbilketa erraztea, batez ere "gazteentzat, euskara ikaste prozesuan dabiltzanentzat eta oro har bertso zaletasunetik urrun xamar daudenentzat" eta bestetik "herrian egiten diren beste kultur espresioak ezagutaraztea".
Antolatzaileen ustez, "esperimentazioa, elkarlana, eta mestizajearekin" jokatzen dute, aldi berean gaztetxoengan eragin nahi dutelako, "konturatzen baikara eragina duela eta beraien asistentzia gero eta altuagoa dela". Beraz, "bertsoa beste kultur diziplinekin nahastuz bertsoa eta bertsolaritzaren potentziala ezagutaraztea" nahi dute batez ere gaztetxoengan.