Bilduk Lasarte-Oriako zerrenda aurkeztu zuen

Txintxarri Aldizkaria 2011ko apirilaren 29a

Udaletako eta Batzar Nagusietarako hauteskunde hauetan lekua izateko esperantzarekin, bart Lasarte-Oriako Bildu koalizioko zerrenda aurkeztu zen Somoto parkean.
Ezker abertzaleak, EA eta Alternatibak batzen dituen alderdiko zerrendako kideetako batzuk bildu ziren bertan eta alkatetzarako hautagaia Pablo Barrio idazlea izango dela argitu zuten.

Ildoak

Auzitegi Goreneko epaileen erabakiaren zain, koalizioak hauteskunde kanpaina egingo duela adierazi zion prentsari.
Horregatik, Pablo Barriok Lasarte-Orian koalizioak izango dituen ildo nagusiak azaldu zituen, "herriari begirada bota eta gauza asko ikusten ditugu gure kale eta auzoetan bildu eta udaletxera eraman beharrekoak".
Lehenik, herriaren parte hartzea aipatu zuen, "Udaletxeak herriaren etxea behar du izan, parte hartzeari leku irekia, hurbila. Herritarren eta herriko taldeen ahotsak eta kezkak jasoko dituzten foroak sortu eta komisioetan ere entzunak izateko aukera eraman nahi dugu".
Eta honekin batera, "Etxebizitzaren arazo larriaren aurrean, hirigintza arloan plangintza bat egitearekin batera, babes ofizialeko etxebizitzako alokairua sustatzearen aldeko apustu garbia eramango dugu".
Era berean, "Ingurugiroan, hondakinen kudeaketa eraginkorrenaren alde egingo dugu, Atez Ateko sistema herrian txertatzea bultzatuz, dudarik gabe. Kontsumo eta komertzio kultura berria bultzatuko dugu, zuzeneko salmentan oinarritua".
Lanari dagokionez, lan eskaintzaren publikoa sustatuko du koalizioak eta Euskara normalizaziorako bidean jarri jarri nahi du, herrian zein udalaren barruan.
Bestalde, Bilduren ustez, "Kirolak politika berri bat behar du; ez da nahikoa Kiroldegiaren kudeaketa aurrera eramatea, kirol eskaintza osoa kudeatuko duen politika behar da".
Eta, "kulturan, Kirola edota Euskararen kasuan bezala, herriko kultur taldeen dinamismoa oso handia da; Udalaren aldeko konplizidadea behar dute, ordea; zentzu horretan, diru laguntzen politika berria planteatu behar da," adierazi zuen alderdiko bozeramaileak.
Azkenik, Lasarte-Oriako herri izaera berreskuratzeko kezka ere agertu zuen Bilduk. "Dentsitate handiko herria, lotarako lekua bilakatuta, zementu asko eta paisaia gutxi dugu gure herri bizitza garatzeko. Horri buelta eman eta auzoetako bizitza suspertu, herriko merkataritza bultzatu, talde eta elkarteen arteko harremanak landu, gazteria, festak, kirola, kultura eta beste motako herri ekimenak babestu nahi ditugu herria kohesionatzeko," azpimarratu zuen.