Aurreko legealdian, Aralar Ezker Batuarekin koalizioan aurkeztu bazen ere, oraingoan bakarrik egingo du hauteskundeetarako bidea, “Aralarren eskaintza politiko abertzale eta ezkerrekoak udal jardueran bere tokia izan dezan”.
Herritarretatik gertu
Aralarreko zerrendaburuak orain artean bezala, herriaren alde lan egiteko gogoa azaldu zuen prentsaurrekoan.
Gainera, alderdiaren gertutasuna nabarmendu eta bizi dugun krisi egoeran herritarrek alderdien hurbiltasuna inoiz baino gehiago sumatu behar dutela aipatu zuen.
Hurbiltasun hori eskaintzeaz gain, azken urteetan Lasarte-Oriako Udalaren inguruan izan diren jarduera irregularrek eman duten irudia ere nabarmendu zuen Bengoetxeak. “Irudi hori baztertu behar dugu gaizki erabilitako dirua Udalarentzat berreskuratuz eta benetan beharrezkoak diren gaietan erabiliz”.
Jarraian, Aralarren Udal jardueraren ildo nagusiak laburbildu zituen Mayi Bengoetxeak haren jardunean, besteak beste, etxebizitza politika aurrerakoiak, gizarte zerbitzuen estaldura hedatzea, parte hartzea eta gardentasuna.