Ezker abertzaleak, EA eta Alternatibak batzen dituen alderdiko zerrendako kideetako batzuk bildu ziren bertan eta alkatetzarako hautagaia Pablo Barrio idazlea izango dela argitu zuten.
Lehentasunak
Auzitegi Goreneko epaileen erabakiaren zain, Bilduk hauteskunde kanpaina egingo duela adierazi zion prentsari.
Horregatik, Pablo Barriok alderdiak Lasarte-Orian izango dituen ildo nagusiak azaldu zituen, "herriari begirada bota eta gauza asko ikusten ditugu gure kale eta auzoetan bildu eta udaletxera eraman beharrekoak".
Lehenik, herriaren parte hartzea aipatu zuen, "Udaletxeak herriaren etxea behar du izan, parte hartzeari leku irekia, hurbila. Herritarren eta herriko taldeen ahotsak eta kezkak jasoko dituzten foroak sortu eta komisioetan ere entzunak izateko aukera eraman nahi dugu".
Eta honekin batera, etxebizitzaren arazoa, hondakinen kudeaketa, kontsumo eta komertzioa, lana, euskara normalizazioa, kirola, diru laguntzen politika berria eta Lasarte-Oriako herri izaera berreskuratzea dira Bilduk izango dituen lehentasunak.